AISIA= DENBORA LIBREA + ASKATASUNA + GOZAMENA. 5 ZENTIMETRO GORA BEHERA

AISIA= DENBORA LIBREA + ASKATASUNA + GOZAMENA. 5 ZENTIMETRO GORA BEHERA

Atzo bukatu berri ditut oporrak eta gaur goizean nagikeri apur batekin bueltatu naiz lanera. Izan ere, nire lana askatasunez aukeratu eta nire gustukoa izan arren, betebeharra da niretzat, ez dut nire denbora librean egiten. Pasa berri diren oporrak nik aukeratutakoak izan dira, nire denbora librean eta ederki gozatu dut, baina, gauza batek eman dit atentzioa: ni izan naizen lekuetan haur andana ikusi dut, eta haietako asko ez ditut gozatzen ikusi; zalantza dut askatasunez aukeratu ote dituzten oporrak edo eta beraiek aukeratu ote dituzten.

Ilara luzeak itxaron, beroa pasa, museo, eliza eta gaztelu aspergarriak ikusi eta orduak eta orduak ibiliz ematen dituzte haur askok oporretako egun asko. Norengan pentsatzen antolatzen ditugu gure oporrak?

Txandaka egin behar al ditugu gustuko gauzak? Batzuek ongi pasatzen duten bitartean besteek itxaron eta alderantziz?

Helduek gozatzeko haurrak aspertu egin behar al dira? Eta, haurrek beraien gustukoa egiteko helduek deseroso eta nekatuta egon behar al dute?

Pertsonalki, guztiok elkarrekin gozatzeko ekintzak egitearen aldekoa naiz. Elkarrekin hondartzan jolastu, elkarrekin bizikletan ibili, elkarrekin paraje zoragarriak deskubritu… guk antolatutako aisialdian erraza da guztiontzat erakargarri eta gozagarri diren gauzak egitea, baina, aisialdi antolatuan zaila dago kontua. Urrutira joan gabe, joan den astean, gure semeak ezin izan zuen aita eta amarekin ikuskizun batera sartu bera baino 5 zentimetro handiagokoentzat zelako eta alderantziz, aitak eta amak ezin izan genuen berarekin zaldiko-maldiko batean igo gu baino 5 zentimetro txikiagokoentzat zelako.

Bost zentimetroko aldea besterik ez. Segurtasun muga, nonbait. Tira, atrakzio pare bat izan ziren familian gozatu ezin izan genituen bakarrak, eta horietan ez parte hartzearen erabakia hartu genuen guk. Baina gainerakoan, ederki asko ibili ginen hiruak gora eta behera. Eta ez bakarrik parke tematikoan, kanping-ean, eta herrixketan ere oso pozik ibili ginen. Hiruen gustuko gauzak egitearen hautua egin baikenuen kontzienteki. Ez da hain zaila. Errazena, gurasoen gustuetatik abiatzea izaten da maiz, edo haurren desioetan galtzea. Bila dezagun erdibidea, denen gogo eta desioetan oinarriturikoa, guztion oporrak direla ezin dugu ahantzi!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*