IZENA AUKERATZEAREN KOMERIAK

IZENA AUKERATZEAREN KOMERIAK

Haur baten esperoan gaude nire bikotekidea eta biok, eta beste gauza askoren artean, haurraren izena pentsatzea gure zereginen artean dago.

Guk, nahiko lasai hartu dugun gaia izan da. Orain arte, azken urteetan, buruan izen asko bueltaka izan baditugu ere, orain, haurdun egonda beste era batera ikusten dira gauzak, eta erabakiak hain arinki ez dira hartzen. Izen horrek, bere nortasuna markatuko du. Izen hori berarekin eraman beharko du bizitza osoan zehar (aldatzea erabakitzen ez badu behintzat). Beraz, ardura maila handia da. Baliteke presio honi aurre ez egitearren ari garela atzeratzen erabakitzearen kontua, baina tira, badugu denbora oraindik. (Ai ama! Lau hilabete eta erdiz gaude dagoeneko! Denbora hegan doa!).

Oraindik ez dakigu gure txikia neska edo mutila den. Lehen, honek, izena erabakitzeko garaian berdin zuen, izan ere, euskarak bazuen inguruko hizkuntza askok ez zuten abantaila bat, izenak ez zirela sexuaren arabera bereizten. Izen guztiak ez behintzat. Baina egun, hori ere arautu egin dute, eta ni bezala, ez da Odei neska gehiago izango aurrerantzean. Ez h-rik gabe, ezta neskarik ere. Izen guztiak neskarenak edo mutilarenak izan behar duten arautu baitute. Hau marka! Tira, alde ona begiratzearren, zerrenda bakarrean jarri beharko dugu arreta, neskenean edo mutilenean (ez naizen engaina, ez nago erabakiarekin ados). Eta zein zerrenda begiratu? Seaskakoa da maiz erabiltzen dena, baina bertan ez da zehazten zeinentzat den, eta oraingo arau berri honekin! Euskaltzaindiak ere baditu izendegiak, baina puffff!! Sartu-sartu, eta ikusiko duzue hizki bakoitzarekin zenbat dauden! Erotzeko modukoa!

Nola erabaki haurraren izena? Motza? Luzea? Orijinala? Arrunta? Berezia? Ai ene! Eta abizena? Nik uste hau ere erabaki beharreko kontua dela. Garaiak aldatzen doaz, eta ohiturak ere aldatu behar ditugu. Urduritzen ari naiz, ze izen, ze abizen? Baina, ez al nengoen ni lasai!

Garbi dagoena da gure kultura edo gizarte honetan haurrek beraiek ezin dutela beren izena erabaki, eta beraz, guri dagokigula lan hau. Badira herrialde batzuk norberak bere izena aukeratu egiten duena, errazagoa litzateke gure herrian ere hala balitz. Baina tira, ez da gure kasua, beraz, gurasoen gustukoena izaten ahaleginduko gara, haurrari berari gustatuko zaion amestuz… Latza da gero, jaio aurretik hasi gara haurraren inguruko erabakiak hartzen!! Eta ez nolanahikoak…

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*