ZERK ATERATZEN ZAITU ZURE ONETIK?

ZERK ATERATZEN ZAITU ZURE ONETIK?

Atzo zortzi, kotxez nindoala, Euskadi irratiko Mezularia saioan galdera hauxe bota zuten. Orduantxe hasi zen nire burua galdera aztertzen. Ona? Txarrik ba al daukagu ba? Onik bai?


Egia esan, bertan entzundako erantzunek seko harritu ninduten. Hona hemen facebooken jarritako erantzunen adibideak: “ horrek ez du logikarik”, “ikusten?”,” gure garaian…”,” ulertzen?”,” hori beti egin izan dugu horrela”,” hori ez da nire lana”,” ez flipatu”, “hori gezurra da”,” hori ezinezkoa da”. Halakoek ateratzen omen gaituzte euskaldunok gure onetik.

Zergatik ateratzen gaituzte gure onetik esaldi eta hitz batzuek? Gure onetik ateratzea edozein emozio mota sortzen digun hori ote da? Triste gaudenean gure onetik aterata al gaude? Beldurtuta gaudenean? Lotsatuta, pozik… ala positiboentzat ez du balio? Mesede egingo genioke gure buruari nire onetik ateratzea esan beharrean gehiago zehaztu eta emozioa bere horretan izendatuko bagenu.

Bestalde, nire ustez galdera ausartagoa litzateke galdera horri zergatia gehituko bagenio. Zergatik ateratzen naiz nire onetik nire iritzia hankaz gora jartzen dutenean? Zein hutsune ditut besteen iritziek nigan halako indarra izan dezaten? Arrazoirik ez dugunean, perfekziotik urruntzen garenean gure onetik ateratzeak mesederik egingo al digu?

Zer pentsatua ematen dit esamoldeak. Norbere “onetik atera” esatean, “norbere on hori” zer den zehazteko beharra sentitzen dut. Bizitzarekin haserre bizi den horren “ona” zein da? Haserre eta umore txarrez egotea? Hori hala izanda alai eta atsegin dagoenean “bere onetik aterata” egongo al litzateke?

Emozioak izendatzen ikastea adimen emozionala lantzeko oinarri garrantzitsua da. Emozioen munduan ere helduak eredu gara, eta esamolde honek ez digu askorik laguntzen. Hobe genuke “nire onetik atera” esan beharrean emozioak zehatzago izendatuko bagenitu.

Emozioen inguruan gehiago irakurri nahi baduzue
sarean topatuko duzue informazio gehiago.

Egun ona pasa dezazuela!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*