HAURREN SEXUALITATEARI BURUZ

HAURREN SEXUALITATEARI BURUZ

Haurren sexualitateari buruz hitz egiten dugunean zer datorkizu burura? Zertan ari zara pentsatzen? Dena den, gaurkoan ez nator zuen iritziak jasotzera, nahiz eta beti izan atsegingarri egiten dituzuen ekarpen oro. Oraingoan haurrekin lanean izandako nire bizipen bat kontatzera natorkizue.


Duela hainbat urte, haur hezkuntzako 5 urteko haur batzuekin nenbilela, bapatean gure gelako haur bat etengabe masturbatzen aritzen zela ohartu ginen. Garai artan haurren sexualitateari buruz zerbait banekiela uste nuen arren, momentu horretan bertan dena irauli zitzaidan eta ohartu nintzen benetan neukan ezjakintasunaz. Ikusten nuena ezin nuen sinetsi! Baina nola? Hau ez da naturala! Aurreratu xamarra atera zaigu!


Hori izan zen momentu horretan sentitu nuena, hori ezin dut ukatu. Baina eskerrak inguruan nituenek: esperientzia handiko irakasleak, pedagogoa, sexologoa… nire iritzi hori aldatzen lagundu zidaten!


Laister konturatu nintzen, haur horrentzat masturbatzeak ez zeukala niretzat zeukan esanahia, bere sexualitatean ez zegoen desiorik ez fantasiarik.


Haurrek 0-2 urte dituztenean bere gorputza beste baten bidez bizitzen eta ezagutzen dute, baina 3 urte betetzen dituztenean autoezagutzaren garaia hasten da. Haurrak autoestimulatzeko gai dira eta plazerra sortzen dion zerbait aurkitzen duenean, errepikatzeko nahia gauza naturala da. Hainbat haur urduri daudenean ere masturbatzen dira, ondoren erlaxatu egingo direla badakitelako.


Baina ez da nire nahia gorputzaren autoezagutzarako masturbazioaren abantailez edo desabantailez hitz egitea; baizik eta hezitzaile garen momentutik honelako kasuen aurrean hartzen dugun jarrerak duen eraginaz ohartzea.


Hezitzaileok ohartu behar gara haurrak beraien gorputza exploratzen ari direla eta guk ematen diogun esanahi hori aparte uzten saiatu behar gara, horrekin haurrak nahastea besterik ez baitugu lortuko. Honek ez du esan nahi hau ez dugunik landu behar. Haurra ohartu behar da horretarako ikasgela, parkea, udalekua… baino momentu eta leku egokiago batzuk badirela, pribatutasunaren garrantzia laduz.


Nik gainditu ditut aurreiritziak eta nire barnean sortzen duen hori kontrolatzen ikasi dut, nahiz eta badakidan zirrara hori ezingo dudala desegin, azken finean bizirik nagoen seinale da, sentitzen dudan seinale.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*