EUSKARAZ BIDEGORRIAN ZEHAR

EUSKARAZ BIDEGORRIAN ZEHAR


14:09 erlojuan, bizikleta hartu eta bazkaltzera etxerantz nindoala duela urte askotako lagun batekin egin dut topo, bera ere bizikletan, eta hor abiatu gara bidegorrian zehar elkarren berri jakin nahian. Bikoterik badugun, orain han edo hemen bizi garen, lanean gabiltzan eta horren nondik norakoak… azken gai horrekin ari ginela bat-batean bota dit hurrengoa: “Joe…nola botatzen dudan faltan hori”.


Egia esan noizean behin pentsatu izan dut koadrilan gaztelaniara jotzen dugun arren, bestelako ingurua (unibertsitatea, aisialdi taldea, lana…) euskalduna izateak zer nolako zortea ekarri didan. Koadrilan ere denak gara D ereduan ikasiak, baina argi dago erabilera ezak sekulako hutsuneak sortzen dituela pertsonen hizkuntza gaitasunean: asko ez dira gai elkarrizketa arrunt bat euskaraz izateko.


Horregatik, zure hizkuntza euskara izatea nahi baduzu, koadrilan ez bada, beste inguru euskaldun batean murgiltzea (lagunak alde batera utzi gabe, noski) oso garrantzitsua da. Niri horrela tokatu zait, lankide guztiak euskaldunak baititut! Eta noiz edo noiz gai honen inguruan hausnarketaren bat edo beste egin badut ere, gaur arte ez naiz konturatu zer nolako garrantzia izan dezakeen etorkizunean talde euskaldun baten inguruan urteak igarotzeak. Horregatik esan dit nirekin bizikletan zihoan lagunak: “Joe…nola botatzen dudan faltan hori”.


Honen inguruan buruari buelta batzuk ematen ari nintzaiola zenbait adibide etorri zaizkit burura. Hemen doa bat:


Duela urte asko futbol talde berri batera joan nintzen jokatzera, gehiengoak euskaraz egiten zuen eta giroa erabat euskalduna zen. Bertan Usurbileko kide bat zegoen eta gaztelaniaz nahiko eskas moldatzen zen, bere eguneroko hizkuntza beti euskara baitzen. Urte bakarra igaro nuen bertan, eta handik 2 urtera lagun usurbildarra topatu nuen Donostiako alde zaharreko kaleetan. Agurtu eta berehala gaztelaniara jo zuen (sekula ez nuen berarekin gaztelaniaz egin)…”baina nola da posible hori?” pentsatu nuen nire baitan. Antza, lanean hasi eta laneko giro erdaldunak sekulako aldaketa sorrarazi zion 18 urtetan lehen hizkuntza izan zuen horretan. Bestalde, herrian, etxean…euskaraz egiten jarraitzen zuen eta hala eta guztiz ere oraingo bere lehen hizkuntza gaztelania zen!


Bakoitzak bere hautua egiten du hizkuntzaren erabileran eta nahita edo nahigabe txikitatik mamitu dugun hizkuntza galtzea norberaren esku dago, baina argi dago ingurua euskalduna izan edo ez izan, euskarak irautea nahi badugu erabili egin beharko dugula.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*