¡QUE NO ME LLAMO JUAN!

¡QUE NO ME LLAMO JUAN!

Udalekuak, egonaldiak, asteburuko irteerak etab. oso momentu onak izaten dira gazteentzat. Gazte talde handiak elkartu eta ekintza desberdinak egiten dituzte, lagunekin harremanak sendotu, leku berriak ezagutu, egoera berriak bizi… esperientzia ezin hobea izaten da normalean. Baina zergatik etortzen zaizkigu burura gazteak udalekuak aipatzen diren momentuan? Talde horren atzean dauden hezitzaileek ere momentu bereziak eta oso onak bizitzen dituzte.


Astetik astera haur nahiz gazteez beteriko autobusak etorri ohi ziren Arantzako aterpera. Astelehetik ostiralera euskaraz bizi eta ongi pasatzeko egonaldiak ziren bertakoak, eta batez ere A ereduan ikasten zuten ikasleentzat prestatuak. Horrek egoera bereziak eta kuriosoak ematen zizkigun hezitzaileoi hizkuntza aldetik.


Arantza bezalako herri euskaldun batean ez-ulertu ugari izaten ziren udalekuko gazteen eta bertakoen artean: batzuek euskara besterik ez eta besteek horixe faltan! Ugariak izan ziren eta denak ezin oroitu, baina ez-ulertu haietako batzuk kontatuko dizkizuet segidan, guretzat ahaztezinak bihurtu zirenak.


Arratsaldeko ekintza hastera gindoazen batean, gazteetako batzuk iritsi eta herritarrek “Etarras” deitu zietela esan ziguten. Guk, oso harrituta, argitzeko eskatu genien eta batek esan zuen aldamenekoak “kanpotarrak” hitza entzun zuela. Gure gazteek nola itzuli zuten? “Etarras de campo” .


“Bidelapurrak” jolasean ari ginela, begirale batek haur bati hauxe esan zion laguntza moduan: “joan hortik, joan hortik!” eta haurrak buelta eman eta esan zion: “¡Que no me llamo Juan!”.


Jolas berri baten azalpenean, gauza ezberdinen formak egin behar genituela esatean, esandako hitzak ulertzen zituzten galdetu genien. Halako batean begirale batek esan zuen: “zer da perretxikoa?” eta gazte batek eskua altxatu eta erantzun zuen: “ perro chico, perro pequeño”.


Udalekuak, egonaldiak, asteburuko irteerak… oso momentu onak izaten dira denontzat, egitasmo horretan parte hartzen duten gazteentzat, hezitzaileentzat, eta baita burutzen diren lekuko biztanleentzat ere.


Zuek ere izango dituzue gisa horretako bizipen kurioso eta bereziak seguru aski, konpartitu nahi?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*