TRESNA BAT, HAMAIKA AUKERA

TRESNA BAT, HAMAIKA AUKERA

Ikaragarri gustatzen zaizkit hiztegiak. Era guztietakoak. Elebakarrak, elebidunak, eleaniztunak, sinonimo eta antonimoenak, espezializatuak etab. Entziklopediak ere atsegin ditut. Eta corpusak, glosarioak, obra bateko termino bereziak jasotzen dituzten bildumak… Euskarriei dagokienez ere desberdinak direnak aurki ditzakegu. Garai batean paperera mugatzen ziren asko eta asko gaur egun interneten ditugu, edonoren eskura.

Askotan pentsatu izan dut nahi adina hiztegi batera, denbora tarte berean, kontsultatzeko aukera izateak zenbat onura ekarriko lizkiguken. Hitzen esanahia sakonago eta zehazkiago jakiteko aukera izango genuke, termino batek beste hizkuntzetan dituen adierak eta adiera bakoitzaren erabilera amen batean kontsultatzekoa, testu bat idaztean errepikapenak saihestu eta itxura dotoreago bat ematekoa…


Bide horretatik, duela urte batzuk sarean eskuragarri dagoen gehigarri baten berri eman zidaten. Ordenagailuko pantailan modu iraunkorrean instala zitekeen hiztegi bilduma moduko bat omen zen, termino bat idatzi eta hainbat eta hainbat hiztegitan jartzen zuena irakurtzeko aukera ematen zuena, doakoa gainera. “Probatu behar dinat ba…” esan nion neure buruari. Etxera joan eta interneteko bilatzailean idatzi nuen: “Euskalbar decargar gratis”. Horrela zuen izena, eta bigarren eta hirugarren hitzak aski ezagunak (eta erabiliak) denontzat. Agertu zitzaizkidan milaka aukeren artean itxurarik hoberena zuena aukeratu eta minutu batzuk geroago interneteko leihoaren goialdean barra berri bat agertu zitzaidala ohartu nintzen, euskal hiztegi eta entziklopedien izenez josia. “Horixe ba EUSKAL-BAR!” nire artean. Burura lehenengo etorri zitzaidan hitza idatzi nuen, eta hiztegien izenak klikatzen hasi nintzen, zer agertuko zitzaidan oso garbi izan gabe.


Kitto. Orduz geroztik erabiltzen ditudan ordenagailu guztietan egiten dudan lehenengo gauzetakoa Euskalbar txertatzea izaten da, Firefoxa (web nabigatzaile librea) dutenetan behinik behin. Ez ditu hiztegi guztiak biltzen, inola ere ez, baina oso tresna baliagarria da euskaldunontzat eta gure hizkuntzarekin dabiltzanentzat. Euskara eta euskara, gaztelania, ingelera, frantsesa, japoniera eta latina konbinatzen dituzten hiztegiak eskaintzen dizkigu, neurri batean guk nahi bezala egituratzeko aukera ematen digu eta interneteko leihoan agerian utzi edo ezkutuan gorde daiteke.


Ez dakit zuek hizkuntzekin jolastu eta hitz berriak ikasteko zenbaterainoko interesa izango duzuen, baina nik probatzea aholkatzen dizuet. Gogoko ez duzuenok beti duzue ezkutuan gorde edo kentzeko aukera. Atsegin duzuenok kontuz, mendekotasun apur bat sortzen du…

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*