ZORIONAK ETA URTE ASKOTARAKO

ZORIONAK ETA URTE ASKOTARAKO

Duela 25 urte, Supermanen laugarren abenturen bilduma eskaintzan gizaki boteretsu haren hegaldiekin batera, gure irudimenak ere hegan egiten zuen. Marokoarrek seigarren harresia eraiki zuten, Saharako Herriaren ametsek lur lehorra besterik irudika ez zezaten. Nafarroan garai horretan gertatu zen bezala, legeak harresi bilakatuz, euskararen lege mugatzaile eta zatikatzaileari “esker” herri euskaldun baten ametsa ere inoiz baino zailago bilaka zedin. Koldo Mitxelenak zioenez, sozio-politika soziolinguistikaren adar bat besterik ez omen da. Urte horretan utzi gintuen, ez ordea bere ekarpen oparoek.

Hiesaren aurkako lehen tratamendua onartu zen AEBtan eta han bertan egun oraindik garaikideak diren Simpsondarrak batzuen eta besteen irriak eragiten hasi ziren.


Gurean jarraituz, NATOn modu demokratikoan sartzera behartuak izan ginen, baita Euskal Herritarrok ere, bezen gehiengoak kontrakoa adierazi bazuen ere. Gauza batzuk ez dira aldatzen, agian Txinatarren egutegiak dioen bezala, urte hura untxiaren urtea zen, urte asko irauten duenaren zeinua. Untxiak jokamolde egokia, aholku osasuntsua, ontasuna eta sentsibilitatea sinbolizatzen ditu. Haien arabera, isilpeko lana du gustuko, nortasun artistikoa du eta lanean zorrotza da. Untxiak eta Urtxintxak antz handia dutelakoan nago, eta nabarmena den bezala ez izenean soilik, Txinatarren egutegiaren araberako urte horretan jaio baitzen Gipuzkoan (baita TMEO ere, zorionak!) urteen poderioz ezaguna egiten joan den elkarte hau: Urtxintxa eskola.


Badira 25 urte. Urte guztiek dute berezko ezaugarri bat(zuk), eta 1987. urtea ez zen gutxiago izango. Gure auzo eta herrietan ilusioaren urteak ziren, urteetan zapaldurik eta kamusturik zeuden oinarrizko eskubideak bizipen maila altuagoetara eramateko garaiak, gauzak sortzearen, elkarlanaren, ilusioaren eta gogoaren urteak. Kaleetan oraindik ere gizakiek nagusitasuna zuten, eta garai hartako haurrek eskertzen zuten, jolaserako eta harremanetarako (bizitzarako) eremu ezin hobeak baitziren. Aisialdiko heziketan dena egiteko zegoen, ez zegoen ia ezer. Urte batzuk lehenago ezagutu zuten argia elizatik eta scout mugimenduetatik sortutako lehen aisialdiko taldeak eta jarduerak. Ondoren auzo eta herrietako aisialdiko beste elkarte batzuk etorri ziren, sare horietatik kanpo zeudenak, eta indar metatze horrek, halabeharrez sorrarazi zuen aisialdiko hezitzaileen formazio beharra ere. Eta tartean, gure lehen eskaintza: Gipuzkoan Urtxintxa sortu eta lehen begirale ikastaroak eskaini.


Duela 25 urtetik hona. Ibilbide oparoa ordutik hona, ilusioa, gogoa, gizartearekin konpromisoa eta musutrukeko lana eskaini zuten pertsona talde zabal bati esker, gaurdaino. Ibilbide malkartsua era berean, dena egiteko zegoelako, eta ametsek errealitatearekin maiz talka egiten zutelako. Baina gauza guztien gainetik, eta bere neurrian, gizarteak zituen (dituen) beharrei erantzuten jakin izan duen elkartea izan da Urtxintxa, askotan ezinbestekoa den barrurako begirada ahaztuz, horrek buru hauste bat baino gehiago eragin dizkigularik. Lanean egondako pertsona ugari, modu eta maila desberdinetan. Eta gure jardueraren jasotzaileak… zenbat ote dira! Ikastaroak modu zuzenean jaso dituztenak, ikastaroetako edukiei esker programen sorkuntza eta hobekuntza burutu dutenak, gure aterpeetan egunak pasa dituzten haurrak eta irakasleak, gure argitalpenak ezagutu, erosi edota pirateatu dituztenak…Modu batera edo bestera, gure aholkuen bidez aisialdia beste era batekoa izan daitekeela frogatu izan ahal dutenak.


Eta aurrera begira. Garai berrietara egokitzeko, antolakuntza sistema berriez baliatzea erabaki genuen duela ez asko. Eta horretan darraigu, ner estiloa deritzan sisteman lan egiten. Ikasten. Bizipenetatik ikasten. Sortzen eta egokitzen. Pertsonetan oinarrituz. Askatasuna eta ardura zutabe. Konfiantza eta komunikazioa, beti presente. Non Urtxintxa osatzen dugun pertsona guztiak garrantzitsuak senti gaitezkeen. Non ardura eta arrakasta partekatuak diren. Ereiten. Gardentasunez. Zenbait garaitan hutsuneak eta akatsak zirenak zuzentzen eta bideratzen. Egutegi mayak dioen bezala, erlazioetan beste armonia bat sortzen, Ama Lurrarekin beste harreman bat biziz. Orain (nabarmena da) trantsizio une batean gaude nonbait, gu ere bai, orain arteko sistemak porrot egin duelako. Ez bakarrik ekonomikoak, finantza-sistemak. Balioak, harremanak… desberdinak behar dutelako izan. Beste gizarte bat eraiki beharra dagoelako. Harantz goaz. Baina hori guztia, gauzatzearen azalpena, beste baterako utziko dut.


Zorionak Urtxintxa zure urtebetetzean. Eta urte askotarako.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*