KANTUZ SORTU NAIZ ETA KANTUZ NAHI BIZI…

KANTUZ SORTU NAIZ ETA KANTUZ NAHI BIZI…


Horrela hasten da Joxe Mendiaguek idatzitako poema. Eta poema horretako hitz horiexek erabili zituzten Mikel Laboak eta baita Benito Lertxundik ere bere kantutegian. Ederra da benetan, poema osatzen duten lau bertsoek kontatzen dutena. Bertso bakoitza bost esalditan banatua dago eta esaldi bakoitza “kantuz” hitzarekin hasten da. Guztira hogei esaldi kantuari eskainiak, kantuz sortu, kantuz bizi eta kantuz ehortz dezaten eskatzen duenari buruzkoak.

Bada esaera bat hauxe dioena: “kantatzen duen herria, hilko ez den herria”. Alegia, kantatzeak bizi poza ematen duela eta kantari dabilenak, bere sentimenduak aireratzen ditu kantuaren bitartez, bai hitzez baita doinuaren bitartez ere.

Euskal Herria herri kantaria dela esan genezake? Hasiera batean, pentsa genezake musika talde ugari dagoela. Baina horiek guztiak gure gizartearen zati txiki bat besterik ez dira eta kantagintzaren profesionalak dira. Baina amateur mundura jaisten bagara, gizarte kantari batean bizi garela uste dugu? Zenbatetan entzun ote dugu garai batean elkarte eta tabernetan kantuan egiteko ohitura zabala zegoela! Telebistak eta musika gailuek isildu ote dituzte gure barneko doinuak? Batek daki!

Duela gutxi, Euskal Herriak duen bezainbesteko populazioa duen beste herrialde bat bisitatu nuen: Eslovenia. Bertan nazio mailako abesbatzen lehiaketa entzuteko aukera izan nuen eta nire harridurarako, parte hartu zuten taldeak gazteak eta ugariak zirela ikusi nuen. Denak esloveniar musikagileen kantuak abesten, aspaldikoak eta baita garaikideak ere, talde amateurrak, baina ia profesionalen modura kantuan. Berehala galdera hauxe etorri zitzaidan burura: zergatik ez dute taldean abesteaz gozatzen gazte euskaldunek? Zergatik ez dute kalitate berdina? Heziketa musikal desberdina jasotzen dugu etxean eta ikastetxeetan? Ez dakit, baina datu bat emango dut: Euskal Herrian 400 abesbatza inguru daude federaturik, Eslovenian, berriz, 2000.

Nola aldatzen diren gauzak kamarada!! Elkartu gaitezen eta kantuz pasa ditzagun gau eta egunak!!

http://www.youtube.com/watch?v=sdzWYbw-8JA&feature=related

Holandako Wishful Singing taldeko 5 partaideak euskal abesti bat abesten: Izar Ederra

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*