MUSIKA, INGURUMENA ETA GASTRONOMIA

MUSIKA, INGURUMENA ETA GASTRONOMIA

Aisialdiaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen digu Donostian 3. urtez burutzen den “Musika Parkean” ekimenak. Bere helburua gure inguruan ditugun espazio irekien erabilera sustatzeaz gain, espazio horiei beste erabilera bat ematea ere bada. “Musika Parkean” proiektuak hilero dohako kontzertu eta piknik bat antolatzen ditu hiriburuko gune berde desberdinetan, horrela bertako parkeak ezagutu eta aisialdi kulturalerako erabil daitezkeela erakutsiz.

Jendeak belar gainean eroso egoteko beharrezkoak dituen manta, koxin eta beste hainbat gauzez gain, janaria eta edaria eramaten ditu leku hauetara, eta norberak aukeratzen dituen pertsonekin jan, edan eta estilo desberdinetako musikaz gozatzeko aukera aparta izaten da.


Ekitaldia hilabetean behin izaten da, apirilean hasi eta iraila bitarte, hain zuzen. Apirilaren 28an izan zuen lehen deialdia 2012ko “Musika Parkean”ek eta eskainitako emanaldia ez zen espero zitekeena izan, eguraldi kaxkarra zela medio, Aiete Jauregiko parkean izan beharrean bertako kultur etxean izan baitzen. Ondorioz, ezinezkoa izan zen egun horretan aurtengo ekimeneko leloak dioen bezala belarra zapaltzea.


Hurrengo ekitaldia maiatzaren 26an izango da Loiolako Benartegi Baserriaren inguruan eta bertan arituko diren taldeak The Bright eta PLV Havoc izango dira. Beraz, ea oraingo honetan eguraldia lagun dugun eta piknik ahaztezina egin dezakegun lagun artean, senideekin edota bikotearekin. Oraindik garaiz gabiltza, baina dagoeneko menua pentsatzen ere hasi beharko dugu ezta? Nork ekarriko du zer?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*