ZILARREZKO HOSTOAK

ZILARREZKO HOSTOAK

Txundituta zegoen Basajauna aurkitu berri zuen gaztainondoarekin. Horren handia, zaharra eta erakargarria egiten zitzaion bere enbor hutsaren barruan sartu eta zuhaitzaren parte zela sentitzen egunak eta gauak bertan ematen zituela. Hosto lehorrekin ohatzea egin eta bere bizian izandako ametsik goxoenak izaten zituen.Halako gau batean babesten zuen arbolarekin amestu zuen. Beti bezain ederra zegoen, baina zilarrezkoa zen, bistan zeuden sustraietatik goitien zegoen hostoraino. Lurreko hostoak ere zilarrezkoak ziren eta beraz, orain ez ziren leunak eta hauskorrak. Horietako bat hartu bezain laster, Basajaunak eskuan zauri txiki bat egin zuen. Horrekin batera esnatu zen eta eskua begiratu zuen, baina ez zegoen zauririk, ametsa izan zen. Pena pixka bat sentitu zuen hortaz ohartzean, hain ziren ederrak hosto distiratsu haiek!


Basajaunak zilarra bazuen, hura urtzeko labea bazuen, ideia bazuen. Salto batean altxatu, bere zuhaitz maitetik atera eta zilarrezko hostoak egiten hasi zen. Tamaina eta forma desberdinetakoak egin zituen, baina ertz zorrotzekoak guztiak. Kontu handiz hartu zituen eta berehala ohartu zen bere esku gogorraz gain, edozer gauza mozteko gai zirela zilarrezko hosto haiek. Froga pila bat egin zituen, gaur egun zerra izenaz ezagutzen dugun tresna sortu zuen arte. Egurrezko heldulekua jarri zion, izandako ametsean ez bezala, eskua zaurietatik babesteko.

Basajauna benetan pozik zegoen bere asmakuntza berriarekin. Inoiz asmatu zuen tresnarik hoberena zela pentsatzen zuen. Egunak ematen zituen basoko elementu guztiak behatzen eta horiei esker beti zerbait berria ikasten zuen.

Ondorengo egunetan, haizeak botatako zuhaitzen enbor eta adarrak moztu zituen berak nahi zuen neurrian eta esfortzu handirik egin gabe. Gauetan gaztainondo handiaren barruan lo egiten jarraitzen zuen zerra kanpoan utzita. Zoriontsu zegoen benetan.

Halako goiz batean, basoan onddoak hartzen zebilen gizon bat gaztainondora hurbildu zen urrutiko distira batek erakarrita. Bertara iristean zerra ikusi zuen eta inguruan inor ez zegoenez, gordeka hartu zuen eta herrira abiatu zen korrika.

Basajauna bitartean goizeroko bainutxoa hartzen zebilen, ur gardenak pixka bat nahasten, zuhaitzaren ondoan gertatutako lapurretaren inongo susmorik izan gabe. Errekatik gaztainondora bueltatu zenean eta zerraren faltaz ohartzean ez zion garrantzi anitzik eman, izan ere, nahi zituen zerra guztiak egiteko gai zen. Jakin bazekien gizakiren batek lapurtu izanen zuela bere lan-tresna, ez baitzuen horren esku-luzea zen beste animalia edo izakirik ezagutzen.

Ez zen batere haserretu, beraz, gure lagun iletsua zerra ebatsi ziotelako, baina gutxi iraun zion lasaitasunak. Handik egun gutxira zuhaitz batzuen falta nabaritu zuen hainbeste ezagutzen eta maitatzen zuen basoan. Ez zegoen dudarik zerraz moztuak zeudela, lau-lauak baitziren agerian gelditutako enbor arrastoak. Egunez egun moztutako zuhaitz gehiagorekin aurkitzen zen eta orduan bai, haserretzen eta kezkatzen hasi zen. Baina egiaz ordura arte ezagutzen ez zuen amorru eta tristura nahasketa bere ametsetako gaztainondoa errotik moztuta aurkitzean sentitu zuen. Zerra sortu izanaz damutu zen, gizaki lapurren bistan utzi izanaz, baita zilarrezko hostoekin amestu izanaz ere.

Orduz geroztik Basajaunak ez du deus ere jakin nahi gizakietaz. Gelditzen diren baso bakartietan gordetzen da. Oraindik oroitzen da bere gaztainondo kuttunaz, baina zorionez bere bizitza luzean arbola zahar, handi eta erakargarri asko ezagutu ditu eta horien barruan goxo lo egiteko aukerarik ez du galtzen.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*