GURE BIDE GALDUAK

GURE BIDE GALDUAK



Antzezlan bat ikustera gonbidatu nahi zaituztet. Dejabu panpin laborategiak eskaintzen digun Gure bide galduak izeneko antzezlana hain zuzen ere.

Larunbat gauean Beran ikusteko aukera izan nuen. Entzuna nuen, oso ona zela, eta ikusteko aukera banuen, ez nezala aukera gal. Eta halaxe egin nuen, lagunekin goxo afaldu eta euri zaparrada artean, plan onena hautatu genuen; eserleku erosoan eseri, mugikorra isilean jarri, eta gozatzera! Horixe baita antzerki bat ikustera noanean espero dudan bakarra, gozatzea. Eta halaxe izan zen, gozatu nuen! Beraz, Ubuntu, zuekin konpartitu nahi dut, eta gonbidatu nahi zaituztet!

Egunerokotasunetik alde egin, amestu, barre egin, pentsatu, … emozio pila eragiten dizkit antzerki bat ikusteak. Gainera, antzokira iritsi eta beteta zegoela ikusteak, izugarrizko poza eragin zidan! Azken boladan euskal antzerkigintzaren egoeraz mintzo direnean, berri txarrak besterik ez ditugu entzuten, eta hala izanen da, baina larunbatekoa behintzat, itzela izan zen.

Sarrera txiki bat eginen dizuet antzezlan honen inguruan, antzezlanaren inguruko informazioa jasotzen duen postaltxotik hitzak lapurtuaz. Eta ondoren, azpiko link honetan klik egitea gomendatzen dizuet, bertan ikusiko duzue non dabiltzan dejabutarrak antzezlan hau eskaintzen.

70. hamarkadaren azkenetan. Euskal Herria.

Kattalin, baserri inguruko herri batetik Oreretara doa bizitzera, osaba baten etxera, Donostian magisteritza ikasketak egiteko.

Garai mugituak dira. Azken urteetan fabrika erraldoiak eraiki dituzte herri askotan eta herrixka izandakoak hiri bilakatu dira urte gutxian.

Franco hil berri, Euskal Herria aldaketa sakonak ari da bizitzen. Fabriketan gero eta ohikoagoak dira patroien kontrako liskarrak eta egoera politiko berriak herri mugimendu antolatu bati egin beharko dio aurre.

Utopia, amets eta desenkantuari buruzko kontakizuna da Gure bide galduak. Gure memorietatik berreskuratutako piezekin sortutako gaurko ipuina.

http://gurebidegalduak.blogspot.com.es/

Taldearen inguruko datu gehiago jakin nahi? Egin bertze klik bat:
www.dejabu.org

Anima zaitezte! Merezi du eta!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*