HITANOA GAZTETXOENTZAT

HITANOA GAZTETXOENTZAT

Gaur egun hitanoaren erabilera gaztetxoen artean oso txikia da, eta azken urteotan asko urritu da.
Gure herria, Azpeitia, dugu adibide; gaur egun oraindik hitanoa gehien erabiltzen den herrietako bat izango da eta haur batzuk ere erabiltzen dute, nahiz eta guztiak mutilak direla esatera ausartuko nintzatekeen. Eta mutil horiek normalean beraien bizitzan zehar hikan hitz egiteko ohitura horrekin jarraitzen dute, baina nesken kasuan gero eta gutxiago hitz egiten denaren sentsazioa daukat.
Baina nori hitz egin behar diogu hitanoz?

Irakasle batek bigarren hezkuntzan nintzela esan zidan Azpeitia zela bere ikasleekin hitanoz hitz egiten zuen herri bakarra, berak gauza oso positibotzat zeukan hori. Baina, unibertsitatean hasi nintzenean irakasle bati hitanoz zuzendu nintzaionean errespetu faltatzat hartu zuen, berak niri zuka egin zidala eta eskertuko zuela neuk ere hala egitea. A ze nahastea!

Beraz, hitanoak ez du balio momentu eta pertsona guztiekin hitz egiteko. Adibidez, niri amak noka hitz egiten dit baina nik berari ez, errespetuagatik edo.

Hitanoa, lagun artean, jerga moduan erabiltzen dugu. Guk bigarren hezkuntzako irakasle harekin erlazio estua genuen, konfiantzazkoa, hurbilekoa, ez genuen gure gainetik ikusten, nahiz eta nota jartzen ziguna izan. Unibertsitatekoak aldiz irakasle-ikasle diferentzia hori nabarmendu nahi izan zidan hori esatean. Zuka, badirudi errespetu formalagoa zor diegun pertsonei hitz egiteko erabiltzen dugula: gurasoei eta aiton-amonei, irakasleari, nagusiari…

Ikastetxeetan hitanoa lantzeko hainbat dinamika abian direla badakit, horietako bat dugu Mintzola fundazioak sortutako hitanoa.com web gunean aurkitu dezakegun programa interaktiboa. Baina, egokia iruditzen al zaizue hitanoa beraien irakaslearekin lantzea?

Nire ustez ongi aztertu beharko litzateke haur horiek irakasle horrekin duten erlazioa nolakoa den; haurrek hitanoa erabiltzen ikastearekin batera, noiz, nola eta norekin erabili ere ikasi beharko dutelako, eta beraiekin hitanoa landuko duen irakasle hori konfiantzazkoa, gertukoa izatea komenigarria litzateke horretarako. Baina horrelako pertsonak non aurkitu ohi ditugu? Noski, AISIALDIAN! Beraz, erregistro hau lantzeko aukera onena dugu gure esparrua, saia gaitezen hitanoa modu natural batean gure gazte eta haurrekin erabiltzen, liburuetatik eta ordenagailutik ikasi gabe, ahoz aho, esperientziaz esperientzia, gure hizkuntzarekin jolastuz.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*