X IZENEKO DIETA EGITERA NOA

X IZENEKO DIETA EGITERA NOA


Gaiaren inguruan pentsatzen hasi eta…zenbat arlo etorri zaizkidan burura! Udara, estetika, kirola, heziketa, osasuna, autoestima, antsietatea, komunikabideak, gizarte baloreak…eta denak elkarren artean lotuta daude. Garai hauetan izenburuko esaldia maiz entzun daiteke gure inguruan, nork ez du ezagutzen dietan dagoen norbait? Zu zeu hasi al zara udararako prestatzen?

Eguraldi ona dator, jendeak gero eta arropa gutxiago janzten du eta ondorioz, gorputzeko kurba asko agerian geratzen hasten dira. Batzuentzat laudorioak doaz eta beste batzuentzat aldiz askotan entzun behar izan ditudan hauek: “baina nola ez du dietarik edo kirolik egiten dituen kilo mordoa jaisteko?” edo “ez al da konturatzen jaten duen guztia janda ez dela argalduko?”. Nik azken urteotan horrelako komentarioei erantzun berdina ematen diet: “konturatzen ez direla uste duzue ala? Ez duzue uste, gai balira, osasunagatik bada ere, pisua galduko luketela?”.

Oso zaila da bere aisiaren parte kirola (izerdia botarazten digun edozein ekintza) ez duenarentzat antsietateari modu eraginkor batean aurre egitea, hori azken finean modu batera edo bestera asetzen saiatzen baikara (jaten, erretzen, edaten, kirola egiten…). Loditasun maila neurtzerako garaian 5-10 kilogramo ez doaz inora, osasun arazo bilaka daitekeen lodiera, ordea, oso garrantzitsutzat jotzen dut. Antsietateari eta bere ondorioei aurre egiteko gauzarik “errazena”, dieta egoki bat izatea (ez naiz dieta puntual bat egiteaz ari) eta kirola gure aisiaren parte izatea da.

Hori gizartearen heziketa prozesuaren barruan ez dagoen bitartean jai dugu!

Nik irakasgai gisa sartuko nuke “osasunerako heziketa”. Badirudi gurasoek berezkoa duten ezaugarria dela haurrari osasuntsu elikatzen irakastea, baina maiz telebista zein egunkarietan agertzen diren datuen arabera (obesitate mailaren ehunekoak), ikasketa hori errealitatetik oso urrun geratzen da. Ez al dute esaten bada, osasuna zaindu beharreko gauzarik garrantzitsuena dela? Ea etorkizun batean ideia errealitate bilakatzen den.

Bestalde kirola dago. Gogoan dut nola urtebetez eskolaz kanpoko kirol entrenatzaile gisa aritu nintzen. Arraro samarra nintzen, nire helburuen artean ez baitzegoen irabaztea, ondo pasatzea baizik. Horrek, noski, emaitzetan islada zuen, partida asko galtzen genituelako. Egun batean zenbait gurasorekin hitz egiten nengoela argi esan nien: nire helburua 9-10 urteko haur horiek 25 urte dituztenean kirola era positibo eta gustagarrian bizitzea da, beraien aisiaren parte izatea hain zuzen ere. Guraso bazara ez kezkatu, irabazteko grina ez baita desagertuko kirola ondo pasatzeko ekintza gisa erakutsiz.

Gizarteak barneratzen dizkigun baloreak ekiditea oso zaila, ia ezinezkoa dela esango nuke nik. Baina zenbait baloreri aurre egitea eta gizabanakoaren kontzientzia maila handitzea gure esku dago. Ea denon artean gizarte hobe bat eraikitzeko gai garen!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*