AGUR FAMILIAOLA…ORAINGOZ!

AGUR FAMILIAOLA…ORAINGOZ!


2011-2012 ikasturtea azkenetan dugu, eta berarekin batera, ikasturte honi dagokionez Familiaolari amaiera emateko garaia iritsi da.

Familiaola egitasmoa 2011ko otsailean jarri zen martxan Irunen, familia euskaldunak elkartzeko gune gisa. Egitasmoaren baitan hainbat tailer, irteera eta mota desberdinetako ekintzak antolatzen ditu Urtxintxa eskolak. Ikasturtean zehar, hiruhileko bakoitzeko hilabete batean burutzen dira ekintzak, azaroan, otsailean eta maiatzean, hain zuzen ere.

Aurtengoan antolatutako ekintzak txotxongilo tailerra, TOPICera irteera, perkusio tailerra, sukaldaritza tailerra, buztingintza tailerra, euskal jolasak, asteazken piratak, piraguismoa eta eskulanak izan dira eta beste aditu eta lankide batzuek ere parte hartu duten arren, niri egokitu zait horietako dinamizatzaile lanetan aritzea.

Lan horren ardura hartu nuenean ez nekien oso ondo zerekin aurkituko nintzen. Egitasmoaren gaztetasuna ikusita, ez geneukan aurreko aldietako erreferentzia gehiegirik eta beraz, ez geunden oso ziur izen emate kopurua zenbatekoa izango zen, parte hartzaileen espektatibak zein izango ziren, egitasmoaren egiazko xedeak ulertuta etorriko ziren…

Baina nire zalantzek laster batean ikusi zuten argia. Hasieran izen ematea oso arrakastatsua izan ez bazen ere, jendea gogotsu gerturatu zen lehenengo saio haietara, eta zer esanik ez azken egunean ospatutako festara! Partaideen kopuruak gorakada jasan zuen eta familia bat baino gehiago izan ziren hilabete batean ondo pasa eta hurrengoetan errepikatzeko aukera aprobetxatu zutenak. Espektatibei dagokienez, guraso askok aitortu zuten ez zekitela oso ondo nora eta zertara zihoazen, eta beraz, alde horretatik oso sentsazio onak izan zituztela, antolatutako ekintzak gustuko izan zituztela, alegia. Eta hirugarrenik eta azkenik, egitasmoaren xedeari erreparatuta, etorritako familia guztien ahotik esker hitzak besterik ez ditugu entzun etengabe, euskara erabiltzeko aukera gutxi (edo bat ere ez!) izaten dutela, eta aisialdian gisa honetako ekintzak antolatzeak harremanak euskaraz hastea eta beste familia euskaldunak ezagutzeko aukera izatea ahalbidetzen duela.

Nik neuk ere horixe bera egiteko baliatuko dut sarrera honetako azken paragrafoa. Mila esker programan parte hartzera ausartu zineten guztioi, zuen gogo-bizitasun eta laguntzagatik! Eta bide batez, hurrengo urteko Familiaolan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztet, jada ibili zaretenoi edo oraindik gerturatu ez, baina horretarako gogoz zaudeten guztioi!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*