EREIN ETA JASO

EREIN ETA JASO

Mediku azterketen emaitzak jasotzeko zain nengoen erietxeko kontsultan. Gela aseptiko horiek, non goxotasuna ez den beste edozerk osatzen duen dekorazioa. Parean, eskuartean paperak zituela, bata zuriko doktorea eseri zen, kasik aurpegira begiratu ere egin gabe. Hitz egiten hasi, azalpenak modu ulerkorrean eman… eta horrela joan ziren aurrez aurreko bost minutuak.

Bitartean, nere artean, medikuari begiratzen nion. Gaztea ikusten nuen osasuna bezalako gai potoloekin jolasten hasteko… baina tira, nonbait hark zekizkien jakin beharrekoak. Urruneko sentsazioa eduki nuen une oro, ariketa mekaniko bat egiten balego bezala…. Osasun-txostena sinatzeko unea iritsi zen arte, non medikuaren izen abizenak ikusi ahal izan nituen. Zorionez edo tamalez, egoeraren arabera, badut izen-abizenak urte luzez garuneko txoko batean gordetzeko ahalmena, eta une hartan ere, halaxe gertatu zen. Izen-abizen horiek bat-batean jarri nien duela hogei urteko haurraren aurpegia. Bera zen, haurtzaroan aisialdiko jardueratan hainbat urte partekatutako haurra, hazia, hezia, handitua… Nirekin akordatzen ez ote zen galdegitean, baietz erantzun zidan, baina ni berarekin gogoratuko ez nintzelakoan, ez zela ur handi horietan sartu.

Gauetik goizera, supituan aldatu zen bere aurpegia, argitasuna, irri konplizea, begirada, aldartea, baita aulkian esertzeko modua ere, “zein garai onak!” esan eta isilunea sortu zen arte, gure begiradek asebetean topo egiten zuten arte.

Ez da lehenengo aldia gertatzen zaidana, adinaren kontua ere izango da. Baina gaztea nintzeneko garaietara eramaten naute, non nire auzoarekin, haur talde zabal batekin konpromisoa azken hariraino eraman nuen (batzuetan zalantzekin, jakina), baldintza ekonomiko hobeagoak zituzten lanei muzin eginez, musutrukeko orduak kiloka oparituz… trukean, inolako konpentsazio nabaririk espero gabe.

Begirada horiek dira ordaina. Nire gazte garaietako hautuaren egokitasuna berretsi eta harrotasunari eusteko bidea ematen didate. Konpromisoak beti dakar emaitza. Beti ereiten dugu zerbait harremanetan. Uzta beti dator, itxaroten jakin behar.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*