ESATEAREN EDERRA

ESATEAREN EDERRA

31 urterekin antzerki ikastaro batean izena eman nuen, ondo jakin gabe nolako uretan sartzen ari nintzen, eta lehenengo egunean arratsaldero lau orduz antzerki eskolak jaso behar nituela jakin nuen. Egia esan, ez zen nik buruan nuena. Astean pare bat orduko bi saio edo horrelako zerbait egingo nukeen, baina astean 16 orduz eta 3 urtez antzerkia ikasten? “Zer arraio!” esan nion nire buruari, “ur handietan sartuko naiz eta ea nola ateratzen naizen”. Bizitzan hartu dudan erabakirik onenetakoa izan zela esango nuke. Nire burua oraindik hobeto ezagutzeko balio izan zidan eta gorputza, ahotsa eta sentimenduekin jolasten ikasi nuen. Hori bai magia! Hirugarren urtea bukatu eta beste urte bat gehiago eskatu nuen!


Beste ikasgai askoren artean bazen euskarazko testuak lantzeko jasotzen genuen bat. Julia Marin zen gure irakaslea eta hark euskal intonazioa eta “esatearen ederra” irakatsi zizkigun, hau da, testu batek dioena une horretan bertan bururatu izan balitzaigu bezala kontatzen jakitea. Bizitza normalean lehenengo aldiz gauzak kontatzen ditugunen bezala. Baina hori ez da hain erraza behin eta berriro irakurri duzun testu batekin. Tartean, kontzeptu asko landu behar dira kontakizuna naturala eta sortu berria izan dela iruditzeko. Gai horrek, guztiz harrapatu ninduen eta antzerki eskolak bukatu nituenean, lehenengo mailako irakasle izatea proposatu zidan Juliak berak.

Halaxe hasi nintzen eta bost urte pasa dira ordutik. Hirugarren mailan dauden ikasleek antzerki muntaia bat egiteari eskaintzen diote ia ikasturte osoa eta bukaeran, euskaraz eta gaztelaniaz estreinatzen dute prestatu duten lana. Pasa den asteartean euskarazko bertsioa erditu zuten eta ongi erditu gainera! Oholtza gainean ikusi nituenean inbidia sanoa pasatzeaz gain, jolasean ikusten dituzu, zure haurrak balira bezala. Eta hortxe ikusten duzu hiru urtetan egin duten garapena, izan duten bilakaera. Ikasleetako batzuk ez dira gai euskaraz hitz egiteko eta han atera ziren, beraien testua defendatzera, hitzez hitz lehendabiziko aldiz esan izan balute bezala. Gauzak ondo eta polit esateak baduelako bere edertasuna eta entzuleok asko eskertzen dugu belarriak goxatzen dizkigutenean. Batez ere istorioak kontatzen dizkigutenean!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*