SUA

SUA

Urteak baditu egun berezi asko. Batzuentzat, beraien urtebetetze eguna da urteko egun bereziena (haur eta gazte askorentzat, batez ere… baina baita heldu askorentzat ere). Beste batzuentzat egun horrek ez du inolako garrantzirik. Norbere herriko jaiak ere izaten dira garrantzitsu batzuentzat, Gabonak besteentzat, San Tomas eguna beste batzuentzat…


Baina egun markatuak alde batera utzita, norberak bere data bereziak ere izaten ditu buruan… ez dakit nor ezagutu nueneko eguna, lehenengo muxua (norekin bai, baina noiz izan zen? kar kar kar), ez dakit nora joan gineneko eguna…

Nik baditut egun kuttun anitz. Nire arrazoiengatik ahazten ez ditudanak, eta maite ditudanak, edo nostalgia dakarkidatenak… Baina bada egun bat, oso berezia dena niretzat, eta akaso, Euskal Herriko askorentzat ere izan daitekeena: San Juan bezpera.

Niretzat, ekainaren 23a magikoa da. Nire herriko, Irungo, jaiak hasten dira egun horretan (nire urtebetetze eguna ere gertu dago, nire anaia Jonen eguna izango da hurrengo eguna…), baina ez horregatik bakarrik. Suak badu bere xarma, bere indarra, bere… ez dakit zer duen zehazki, baina asko du niretzat. Irunen, Euskal Herriko beste herri askotan bezalaxe, auzo ezberdinetan egiten dira suak, gaztetxo eta ez hain gaztetxoak auzoetan elkartzen dira eta kartoi eta traste zaharrekin pila handia osatzen dute, ondoren, su emateko. Hasiak dira dagoeneko bilketa lanetan… eguna gerturatzeko gogotsu dauden seinale!

Batzuek, urteko gauza txarrak idazten dituzte papertxo batean eta sutara bota, beste batzuek, etorkizuneko desioak idazten dituzte, su hartzerakoan beteko direla amestuz… Beste batzuk aldiz, sua txikitzeko irrikaz egoten dira, gainetik saltoka hasteko. Bakoitzak bere modua du, ospatzeko bere era propioa.

Urteko egun luzeena eta gau motzena dela esan ohi da. Jatorri paganoa duen antzina-antzinako tradizioa da San Juan egunean ospatzen dena, birsorkuntza errituak biltzen dituena; Erdi Aroaz geroztik, San Joan Bataiatzailea kristau santuaren izena daramana. Besta honek jatorri zelta duela ere esan ohi dute… Garbi duguna da, Euskal Herrian indar handia duela. Eta ez soilik suaren inguruan egiten dena, bestelako erritu eta ohiturak ere biltzen ditu egun honek (ez Euskal Herrian bakarrik), esaterako, egun horretan iturri, putzu eta erreka batzuetako urarekin garbitzea, bertako ura edatea nahiz Donibane eguneko goizeko ihintza zapaltzea osasungarria dela sinetsi izan da. Ohikoa da, halaber, etxeko atarian lizarraren nahiz elorri zuriaren adarrak jartzea, tximistetatik babesteko.

Ekainari opor usaina ere badario, eta heldu izatean gehienok lanean jarraitzen dugun arren, haur eta gazte askok, ekaina bukaera aldean hartzen dituzte oporrak… azterketak amaitu (apunteak sutara bota batzuek), hondartzara joaten hasi… Nork ez ditu maite oporrak? Ekainarekin batera datoz oporrak askorentzat.

Seigarren hilabete honek baditu beste hainbat izen: bagila, garagarrila, garagarzaroa, arramaiatza, errearoa… Euskara batuan darabilgun “Ekaina” izen dotorea da oso; euskaldunok, garai batean –gaur egun baino sarriago- zerura begira bizi ginela gogorarazten diguna: Eki ‘eguzkia’ + gain(a) ‘gainean’. Eguzkia gain-gainean daukagu hilabete honetan; udako solstizioa, alegia. Hemendik aurrera egunak laburtzen joango dira eta gauak luzatzen; horri aurre egin eta eguzkiari berotzen jarraitzeko gogorarazteko sua pizten zen eta pizten da gaur egun ere. Edo hori guztia jakin gabe, ekainaren 23a izanagatik piztuko dute sua leku askotan… ohitura delako… eta gustatzen zaigulako! Ongi pasatzen dugulako!

Tira, badator San Juan eguna, bezpera lehenago iritsiko da, beti bezala, eta badator uda ere … indarrez beterik!

Piztuko al dugu sua? Dantzatuko al gara suaren inguruan? Edo salto egin? Bakoitzak bere erara, gustukoen duen moduan ospa dezala (edo ez dezala ospa) egun berezi (edo arrunt) hau. Ni behintzat kontent nago, laster iritsiko delako urteko nire egun gustukoenetako bat. Zein egun duzue zuek maiteen?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*