OPARIAK

OPARIAK

Lagun baten alabaren urtebetetze eguna ospatu genuen aurreko asteburuan. Zortzi urte bete zituen gure neskak eta han bildu ginen lagun taldetxo bat gure seme-alabekin merienda koxkorra egiteko. Euskaldunok ohitura izaten dugun moduan ospatu genuen, janariz betetako mahai baten inguruan, alegia.


Gustura ibili ginen hitz egiten, jolasten, tarteka haurren arteko liskarretan esku hartzen… ahoa gozatzen genuen bitartean. Eta hara non iritsi zen tarta jateko momentua, kandelekin dotore apaindutako txokolatezko tarta eder bat. Aho batez hasi ginen zorionak zuri, zorionak zuri,… kantari eta bakoitzak ekarritako oparia hartzera joan ginen omenduari emateko. Banan bana hasi zen opariak irekitzen eta zein baino zein ikusgarriagoa zen: bizikleta, musika eta jolas desberdinak dituen ordenagailua…

Halako batean, lagun bat bere semea oparia ematera animatzen ikusi nuen. Ezetz, ez zuela nahi eta ez zegoela modurik bere iritzia aldatzeko. Beraz, amak berak eman zion oparia. Oparia ikusi nuenean oso aproposa zela iruditu zitzaidan, besteen artean desberdina, esperientzia bat, ondo pasatzeko momentu bat…

Haurrak oparia eman nahi ez izatearen arrazoia beraien arteko haserrealdiren bat zela pentsatu nuen, baina ez zitzaidan burutik pasa ondoren amak esan zidana.

Urtebetetze oparia bien artean pentsatzen aritu ziren aurreko astean eta aukera desberdinak aztertu ondoren, Aquariumeko sarrerak hartzea erabaki zuten, familiarekin batera disfrutatzeko. Momentuan oso ideia ona iruditu zitzaien biei, baina opariak banatzeko orduan besteek ekarritakoa ikusita haurra lotsatu egin zen. Bere oparia paper batzuk besterik ez zirela eta besteenak askoz politagoak zirela esan zion amari. Ama ukitua zegoen opariarekin asmatu ote zuen zalantzan jarriz.

Egia da bai, Aquariumeko sarrerak ez direla momentuan ikusgarriak, disfrutatzeko itxaron egin behar duzula eta gainera ezin duzula oparia bera zurekin etxera eraman, bizikleta bezala. Baina, non dago sorpresa? Non dago benetako oparia? Bizikletaren kolorean, markan… edo bizikleta horrekin egingo dituzun bidaietan, biziko dituzun abenturetan?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*