TXANTXARIEI ELKARRIZKETA

TXANTXARIEI ELKARRIZKETA

Gaurkoan gure lagun Txantxarien berri eman nahi dizuegu. Txantxariak, munduan zehar bidaiatzen duten pertsonaiak dira, jolasak ikasi eta erakusten dituztenak. Dagoeneko urtebete pasa da Urtxintxakideok Txantxariak ezagutu genituenetik eta beraien berri gehiegirik ez dugula eta, elkarrizketa bat egitea erabaki nuen. Euskara asko maite dutela kontuan izanda, ez zitzaidan oso zaila egin haien arrastoa topatzea. Araba Euskaraz-eko egitaraua begiratu eta berehala topatu nituen. Joan den igandean Bastidara gerturatu nintzen eta Txantxariei elkarrizketatxo bat egitea lortu nuen. Hemen dituzue nire galderak eta haien erantzunak:


Zergatik zarete “Txantxariak”?

ANTXON: Txantxariak gara, txantxak izugarri gustatzen zaizkigulako.
TXANTXIBIRI: Bai zera! Txantxaria txiba edo zibotari deitzen zaio, eta gu haien pare biraka batetik bestera ibiltzen garenez… hortik datorkigu izen hori.
MARITXIPI: Polita bion irakurketa. Batetik, txantxak maite ditugu, jai giroa gustatzen zaigu eta ondo pasatzea eta umorez ibiltzea oso garrantzitsua da guretzat. Bestetik jolasak gustuko ditugu, eta ohiko jolasak bereziki gustatzen zaizkigu, gustura ikasten ditugu aiton amonen jolasteko moduak. Gainera, batetik bestera, biraka, maleta prest dugula ibiltzen garenez, ezin hobea iruditu zitzaigun izena. Leitzarra den gure lagun batek halaxe bota zigun: “Zuek, etzatea ez geldik eottekoak! Txantxarik baño ipurdi arinegoa duzue”. Esaldia gustatu eta hortik dator gure izena. Hala ere, konturatuko zinen bakoitzak nahi duen moduan interpretatzen duela!

Eta noiztik zabiltzate batetik bestera?

TXANTXIBIRI: Uffff! Aspalditik! Jolas mordoa ikasi dugu dagoeneko, herri asko ezagutu ditugu!
MARITXIPI: Aizu Txantxi… ibili ibili bai, baina gaur egun gabiltzan bezala… duela urtebete ingurutik!
ANTXON: Oraingoan ere, biek dute arrazoi. Egia esan, batetik bestera duela 15 bat urte hasi ginen. Jolastea gustuko genuen eta jolas gutxitxo genekizkiela eta, gehiagoren bila abiatzea erabaki genuen. Elkarrizketa ugari izan ditugu 15 urte hauetan, aitona-amonekin, haurrekin, irakasleekin, gazteekin, helduekin, begiraleekin… eta denen jolasak biltzen ibili gara. Hala ere, iazko kontua da gaur egun gabiltzan moduan batetik bestera ibiltzea. Urtxintxako lagunak ezagutu eta jolasak elkarri erakusten ibili ginen. Beraien jolasen bildumak ezagutzen genituen, baina hara non etorri zen sorpresa. Eskatu ez ziguten ba, laugarren bildumako protagonistak gu geu izatea! Zalantza handirik ez genuen izan. Jolas gehiago bildu eta zabaltzeko lanean, nola ez genuen ba lagundu nahiko?

Esperientzia polita izan al zen?

MARITXIPI: Polita bai, baina nekagarria ere bai!
ANTXON:Nekagarria? Zeinek eta Maritxipik esan nekagarria izan zela? Maritxipik nekea zer de ozta-ozta daki eta! Zoragarria izan zen, haur mordoa ezagutu genuen, Pasaia bezalako paraje ederrak bisitatzeko aukera izan genuen, jolas berriak ikasi eta erakutsi genituen… Gainera, gure lagun Juana Joxepa ere bertaratu zen… Primerakoa izan zen!
TXANTXIBIRI: Bero izugarria egin zuen grabazio egunetan, eta alde horretatik nekagarria izan bazen ere, MUNDIALA izan zen. Jende jatorrez inguratuta geunden, jolasean eta dantzan… ba al dago ezer gehiago eskatzerik? Kalean jende askok esaten digu gustuko dutela egindako lana eta guretzako oso ona da hori. Jolasak ikusi eta ikasten dituztela esan nahi baitu.

Dena dela, gaur ez zaituztet denak ikusten hemen… non daude falta direnak?

ANTXON: Atzo Donostian izan ginen, Urtxintxaren 25. urteurreneko ospakizunean parte hartzekoak baikinen. Eguraldi txarra zela eta, azkenean kalejira eta emanaldia bertan behera geratu baziren ere, gu Donostiara gerturatuta geunden dagoeneko. Horregatik, ezinezkoa zitzaigun Brauliorekin gaur Bastidaraino iristea, beraz, Arantxa Zabalete eta biak Donostia inguruan geratu dira eta gu furgoneta batean etorri gara Bastidara.
TXANTXIBIRI: Boskotea ibiltzen gara normalean, baina emanaldietara ez gara beti denak etortzen. Tarteka saiatzen bagara ere, normalean binaka joaten gara emanaldia dugunetan. Braulio jende artean oso ondo moldatzen bada ere, herriguneetara ahalik eta gutxien eramaten saiatzen gara eta lasai lasai belardietan uzten.
MARITXIPI: Dena dela, Txantxariok lagun asko dauzkagu. Eta hala eskatutakoan gustura elkartzen gara gehiago ere, jolasak eta tailerrak haurrekin egiteko. Gainera, DVDa atera eta gero Urtxintxako lagunek arropa berriak oparitu zizkiguten eta dotore-dotore ibiltzen gara geroztik herriz herri!

Emanaldiak aipatu dituzue, zer egiten duzue emanaldi horietan?

TXANTXIBIRI: Guretzat oso pozgarria da urteetan zehar bildu eta ikasitako jolasak Euskal Herriko familiei erakustea. Parke, etxe eta eskoletan gure jolasak erabiltzea nahi genuke. Horrexegatik saiatzen gara ahalik eta emanaldi gehien egiten.
MARITXIPI: Herrietako festak, ospakizunak… alaitzeko irrikan egoten gara. Euskal Herriko bazterrak ezagutu eta alaitzea da gure helburua!

Noiz eta non izango dira hurrengo emanaldiak?

ANTXON: Ba datorren igandean, hilaren 24an Andoainen izango gara. Donostia eta Bilboko Aste Nagusirako ere deitu gaituzte. Egiako Porrontxo jaietarako, Kilometroak eta Nafarroa Oinezerako… hala ere, nik uste oraindik herri askok joko duela guregana sortzen dugun giroa ikusitakoan!

Tira Txantxariak, Arantxa Zabalete eta Braulio zain izango dituzue. Eskerrik asko elkarrizketa hau eskaintzeagatik eta ea hurrengo batean besteren bat egiteko aukera dudan. Argazkitxo bat aterako dugu elkarrekin?

TXATXIBIRI: Ufff! Presaka gabiltza Oier.
ANTXON: Bai, afalordurako iritsi nahi genuke…
MARITXIPI: Bai Oier, hurrengo batean beharko du izan… eskerrik asko zuri!
TXANTXARIAK: Aioooooo!

Eta halaxe utzi ninduten, argazkirik eta musurik gabe…
Ea hurrengo batean lortzen dudan!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*