LEITZEKO TXONDORRA

LEITZEKO TXONDORRA

Nire herriko Ixkibar mendian, txondorra egin berri dute lege zaharrera eta posible dudan guztietan bertara gerturatu eta begira gelditzen natzaio garai bateko bizimodua nolakoa ote zen imajinatu nahian. Nire “attuna” mendi gizona izan zen urte askoan eta inork baino hobeto ezagutzen zituen Aralar eta inguruetako mendi, baso eta zokoak. Hilabeteak igarotzen omen zituen mendian lau oholez jositako txabolan zuhaitzak moarratu eta txondorrak zaintzen eta nik mirespen handiz entzuten nizkion hain modu goxoan kontatzen zizkidan garai hartako pasadizoak.


Gaurkoan ere, bueltaxka eman eta bidenabar txondorra ikustera gerturatu naiz. Bere usainak hipnotizaturik berriz ere atzera bidaiatu dut. Nire “attuna” imajinatu dut txondorraren gainean bere barre-murritz horrekin. Halako batean “atsaldeon” ozen batek esnatu nau nire pentsamenduetatik eta Irusoko Joakin gerturatu zait zer ote nenbilen galdezka. Txondorraren inguruko galdera bat luzatzea aski izan du pausoz pauso txondorra nola egiten den azaltzeko, eta ni ikaragarri gustura egon naiz bere azalpen txukunak entzuten. Egunero zerbait berria ikasten omen da, eta Joakinek esandakoa zuekin konpartituko dut.

Txondorrak:

Burdinoletan sua egiteko egur-ikatza erabiltzen zen eta hori sortzeko txondorrak egiten ziren. Pago eta gaztainondo egurra izaten omen zen egokiena horretarako eta horiek ugariak ziren inguru hauetan. Txondorra egiteko prozesua zuhaitzen kimatzearekin hasten zen. Txondorra eginen zen lurra zelaitu egiten zen eta ingurua markatzen zen zirkunferentzia bat eginez. Txondorra egiteko nahiko egur prestatu ondoren, egurra zutik jarriz, meta moduko egitura eraikitzen zuten, erdian tximinia utziz. Gero, pago-hostoekin, iraztorrarekin, goroldioarekin… estali ondoren, dena zotalez estaltzen zuten, itxi-itxi, eta ondoren su ematen zioten. Txondorraren egurra poliki-poliki egosi egiten zen, erre gabe. Aldizka, eskailera batez baliatuz, tximiniako ahotik betegarria botatzen zen. Amaitzeko bizpahiru egunez uzten zen hoztu zedin eta behin hoztuta, ikatza zakuetan biltzen zuten. Txondorra erre ez zedin, ikazkinak bertan egoten ziren gau eta egun erne, eta horretarako, txondorraren ondoan txabola bat eraikitzen zuten. Gero gurdietan garraiatzen zuten ikatza burdinoletara.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*