IZAERAREN NONDIK NORAKOAK

IZAERAREN NONDIK NORAKOAK

Zalea ez naizen arren, noizbait ikusi izan dut arazoak dituzten gazteen bizimoduaren inguruko programaren bat telebistan (Hermano Mayor esaterako). Programa horren “jarraitzaileak” diren lagunak ditut eta sarritan entzun izan diet honakoa: “A zer zoritxarra horrelako bat (gazte konfliktibo bat) tokatzen bazaizu!”. TOKATU??? Erreakzioa barkatuko didazue, baina izaerak ez dira tokatzen! Batzuetan azaltzen saiatu izan naiz, baina askotan alferrikako lana izaten da. Askok uste dute pertsonen jarrera batzuk ez daudela heziketa edo bizitako esperientzien baitan.


Ezin aztertuko ditut kasu guztiak, eta argi daukat genetikak asko eragin dezakeela zenbait kasutan: hiperaktiboak direnen kasuetan, arreta-falta jasaten dutenetan, jarreran eragina duten gaixotasunen bat duten pertsonetan… Baina orokorrean, nire ustez, heziketak, inguruak, bizitako esperientziek… osatzen dute pertsonaren izaera. Nik pentsatzen nuen urteak joan ahala etengabe osatzen zihoan zerbait zela, eta oraindik hala pentsatzen dut, baina aurreko batean psikologo batek honela esan zidan: “pertsonen izaera bizitzako lehenengo 7 urtetan errotzen da”. Banekien txikiak garen bitartean gauza berri oro xurgatu eta barneratzeko gaitasuna dugula, baina ez nekien gure izaeraren oinarria (orokorrean) lehenengo 7 urtetan finkatzen genuenik.

Hor, noski, lehenengo urte horietan izan ditugun erreferentzia-ereduek berebiziko garrantzia dute. Etorkizunean eredu horiengandik jasotakoa errepikatzeko ohitura izaten dugu, nahi gabe eta oharkabean, noski, baina behintzat hori izan ohi da gure izaeraren oinarrian geratutakoa. Behin puntu horretara iritsita, esan beharra dago izaera sortzea ez dela zientzia perfektua. Gauza berdinak bi pertsonengan era batera edo bestera eragin dezake eta hori da, azken finean, gizakiok dugun eta horren desberdin egiten gaituen xarma.

Honek guztiak ez du esan nahi 7 urtetik aurrera helduago izaten goazen heinean inguruak, eta aurretik aipatutakoek gure izaera osatzen lagunduko ez dutenik, ezta gutxiagorik ere, baina bai gure barrenean, sakon-sakonean, bizitako lehenengo urteak ondo errotuta izango ditugula.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*