AISIALDIKO HEZIKETA BERRIKUSI

AISIALDIKO HEZIKETA BERRIKUSI

Urteak joan dira aisialdiko pedagogiaren jarduerak burutzen hasi ginenetik.

Ordutik hona gauzak asko aldatu dira. Kontu batzuk hobetuz joan dira, hala nola, lan baldintzak. Baina beste batzuk, ordea, ez dut uste onera joan direnik.


Hastapen haietan, aisialdiko pedagogiaren oinarri filosofiko sendoak eraiki ziren, eta horien baitan esperientzia desberdinak sortzen eta burutzen joan ziren. Prozesuaren pedagogia zen, non emaitzek, ekintzek eta jarduerek bigarren mailako garrantzia zuten. Pertsonak eta talde bizitza ziren zutabe nagusiak, eta aisialdiko pedagogiaren zeregin nagusia, etorkizuneko helduak izango zirenen aisialdirako, bizitzarako, prestakuntza zen. Ekintzek ez zuten beste xederik. Ongi pasatzeaz gain, noski.

Urteen poderioz, eta gizartearen baitan gertatu diren beste aldakuntzen inertziak kutsaturik, bultzaturik, emaitzaren pedagogiara pasa gara, non garai hartako pertsonak bezero hutsak izatera pasa diren eta bizipenen prozesuak ekintzen bizipenak izatera pasa diren.

Hausnarketarako unea iritsi dela uste dut, eta aisialdiko pedagogiaren baitan burutzen diren esperientzia guztien zergatia eta zertarakoa pentsatu behar dira, berriz ere.

“Ez dira betiko garai onenak” dio abestiak, baina ez gaitezen hor gera. Aisialdiko pedagogiaren baitan burutzen ditugun ekintzak eta bizipenak inoiz baino garrantzitsuagoak dira haur, gazte eta helduontzat: emozioak modu osasuntsuan bizitzen ikasi, talde lanean aritu, taldearekiko konpromisoa, desberdintasuna ulertu, sormena landu, aisi indibiduala errespetatu, aspertzeko aukera eskaini, bizipena eta prozesuak baloratu eta ez emaitza… Balioak eta jarrerak, egungo gizartean inoiz baino premiazkoagoak; lan munduan inoiz baino beharrezkoagoak. (beste batean jarraituko dut)

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*