ETZANDA ETA ZUTIK, BETI JOLASEAN

ETZANDA ETA ZUTIK, BETI JOLASEAN

Uztaila ailegatu da eta berarekin batera gauza askoren artean, eta nire kasuan, udalekuak bete-betean. Piraten Etxean gaude eta bertan, jolasteko aukera handia da. Ia denbora guztian gaude jolasean, noski, baita denbora librean ere. Otorduen ondorengo tarte horiek, hezitzaileon gidaritzarik gabe jolastu eta harremanetan jartzeko aprobetxatzen dituzte haurrek. Batzuetan euren gorputza bakarrik erabiltzen dute edo inguruan aurkitzen dituzten elementuekin gozatzen dute, euren istorioak asmatuz.

Margotzeko edo irakurtzeko gogoa sartzen bazaie margoak eta liburuak hartzen dituzte, besterik gabe. Horretaz gain baloiak, sokak, diaboloak eta mahai jolas ezberdinak ere eskura dauzkate. Azken horiek, normala den bezala, ikasturte guztian zehar horrenbeste eskutxotatik pasatzean puskatzen eta nahasten doaz, eta moldatu eta berriak erosi behar izaten ditugu.

Jolas-dendako apaletan kaxei begira ari nintzela sorpresa txiki bat hartu nuen nire haurtzaroko jolas bat aurkitzean. Kaxa desberdina zen, baina barrukoa ganbaran dudan jolasaren oso antzekoa: plastikozko domino fitxa lauak, kanika bat eta arrapalak. Hartu egin nuen, eta egia erran, ez nekien gurasoen etxeko lurrean horrenbeste aldiz zabaldutako pieza horiek ilusio handirik egingo zieten aterpera etorriko ziren haurrei.

Udalekuak hasi dira eta pozik jarri naiz haurrak domino fitxak bata bestearen ondoan zirkuito bat osatuz txukun-txukun eta pazientzia handiz jartzen ikusi ditudanean. Denbora librean, aterpean baldin bagaude beti dago norbait jolas horrekin jolasten. Inork ez die azaldu jolasaren prozedura, ezta helburua zein den ere. Kanika arrapalatik erortzen uzten dute eta listo. Magia bailitzan, bata bestearen ondotik lurrera piezak. Denak erortzen badira hobe. Haurrek badakite zenbaterainoko xarma duen piezak botatzeak eta etzanda uzteak, gero berriz zuzen eta zutik jartzeko.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*