JATEAREN GOGOAZ, GOZOAZ ETA ZOROAZ

JATEAREN GOGOAZ, GOZOAZ ETA ZOROAZ

Ez ditugu haurrak ezagutzen; ditugun ideia faltsuen gainean zenbat eta gehiago jardun, orduan eta hutsegite gehiago egiten ditugu. Jakintsuenek gizona bilatzen dute haurrengan, pentsatu gabe haurra gizona baino lehen datorrela.

J.-J. Rousseau


“Azken urteetan jateko gogoaren fisiologiaren ezagutza modu nabarmenean aurreratu da. Elikagaien ahoratzea erregulatzen duen prozesu konplexuak txunditu egiten gaitu. Eta, hala ere, harrigarria da haur baten jateko gogoaz ari garenean zenbat aurreiritzi existitzen diren eta beraien elikaduran ezartzen diren zenbat arau zurrun dauden.

Nire lehenengo esperientzia mingarria arau horiekin nire anaia txikiaren oinazearen testigu izatea izan zen. Berak bi urte inguru zituen eta nik hiru. Gurekin oso maitekorra izan ohi zen izeba baten zaintzapean geunden arratsalde hartan.

Nire anaiak ez zuen meriendarako zuen platanoa jan nahi izan. Gauzak horrela, izebak besoetan hartu, sudurra tapatu eta anaiak arnasa hartzeko ahoa irekin behar izan zuenean, inolako gupidarik gabe, platanoa ahoan sartu zion, eta horrela jarraitu zuen anaiaren negar eta askatzeko saiakeren kontra, oso osorik irentsi zuen arte. Krudelkeria izan zen niretzat. Ez nuen helburua ulertzen. Goseak egon izan balitz jango zukeen! Eta ez bazuen jan, goserik ez zuelako izango zen! Hori 3 urteko neskato batek ere ulertzen du.

Eskolako jantokiaz zenbait gauza konta ditzaket. Mahaiek azpian zuten apaletan denetik aurki zenezakeen: ohikoena ogi zatiak, laranjak eta saltxitxak ziren, baina, batzuetan, arrautza frijitu osoak ere bazeuden. Ez dakit zuzendariak bazuen horren berri, edo haurrek den-dena jaten zutela pentsatzen zuen; baina, seguru, garbitzaileak bazekiela haur bat zenbat jateko gai den.

Ikasketa urte askoren ondoren, nire lehen inpresioa baieztatu dut: jateko gogoa da elikagaien ahoratzea erregulatzen duena; eta, haurrengan, behintzat, haien beharretara egokitua dago gogo hori. Espezie bakoitzak genetikoki determinatuta datozen elikadura-lehentasunak ditu. Gu ez gara salbuespena, bizitzea tokatu zaigun garaiko aurreiritziak eskuratu artean behintzat. Urteekin mota askotako motibazioen arabera jatera iristen gara: eguberriak edo garizuma izan, gure amaginarreba kontent utzi edo bikinia harro erakutsi nahi izan… haurrek, aldiz, ez dute noiz eta zenbat jan behar denaren aldez aurretik pentsaturiko ideiarik. Ez dituzte (ezta beharrik ere) pediatraren aholkuak ezagutzen, ez eta Osasunerako Mundu Erakundearenak ere, Ez dute auzokoaren seme-alabek jaten dutenaren berri. Horrexegatik ez dituzte erraz onartzen batzuetan jarri nahi izaten zaizkien arau zurrunak.

Beraiek bai badakitela. Arretaz begiratu eta ikasi egin beharko genuke, jan kontuetan eta beste kontu askotan. Behin, semeari bularra eman aurretik, bularra ematea begi txarrez ikusten zuen baten batek entzun ziezadan, aski ozen zera galdetu nion: “ Maitia, hartu nahi al duzu zure espeziearentzat espezifikoa den, milioika urtetan zuretzat ezin hobea izateko eboluzionatu duen, alergiarik sortuko ez dizun eta gaixotasun pilo batengandik babestuko zaituen esnea?” Harrituta begiratu eta erantzun zidan: “Eeeeeeeeeeeeeeez, titi emaaaaaaaaaaaan”

Liburu hau ez da interesgarria haurrek “behar bezala” jatea amesten duten hezitzaileentzat soilik, batez ere jatorduetan eta eguneko gainerako orduetan hezitzaileekin gozatzea amesten duten haurrentzat baizik.

Hurrengo ikasturtean, semeak, eskolako jantokian edo amonaren etxean, non bazkalduko duen erabakitzen ari garen honetan,
Carlos Gonzalez-en “Mi niño no me come” liburuari PILAR SERRANO AGUAYO-k egindako hitzaurrea erori da nire esku artean .
Hitzaurre horren moldaketa da irakurri duzuna.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*