TXIKIAK IRAKURZALETZEN…

TXIKIAK IRAKURZALETZEN…

Arrazoi asko ditugu liburu bat esku artean hartzeko, guretzeko denbora hartu eta lasaitasunean hitz horien atzean dagoen istorioan murgiltzeko. Izan ere, disfrutatzeko, gure ezagutzak areagotzeko, emozioak sentitzeko, jakin-mina asetzeko, mundua ezagutzeko, gure burua hobeto ezagutzeko, besteekin irakurritakoa konpartitzeko, etab.erako aukera eskaintzen digun altxor txiki bat da. Liburuak eskuragarri izan ohi ditugu eta nahi dugun moduan antolatzeko aukera ematen digute: gaiaren aukeraketa, irakurtzen eman nahi dugun denbora eta eguneko momentua.


Hortaz, apur bat pentsatzen badugu, milaka arrazoi bururatuko zaizkigu gure ondorengoen irakurzaletasuna sustatzeko. Liburu batekin disfrutatu daitekeena eta beraien garapenerako errekurtso ezin hobea dela transmititzeko, gure txikiak ohitura osasuntsu eta aberasgarri batean murgiltzeko, gomendio batzuk doaz ondorengo lerroetan:

1. Saia zaitez haurra, lehen urtetik, liburuarekin harremanetan jartzen.
2. Jakin ezazu irakurtzen den familietan errazago irakurzaletzen dela haurra. Izan ere, eredu bihurtzen gara gure jarrera eta ohituretan.
3. Saia zaitez haurrarekin batera inguruko liburu dendetan eta liburutegietan sartzen, beste denda edo tokietara sartzen zaren bezala.
4. Zenbait liburutan, ilustrazioek testuak baino garrantzi gehiago dute, hortaz, testua baino, ilustrazioa da irakurri behar dena.
5. Haurrari mota desberdinetako liburuak aurkeztu, aniztasuna ezagutu dezan.
6. Haurraren nahiak, gustuak eta beharrak identifikatzen saiatu, istorioarekiko motibazioa pizteko.
7. Saia zaitez haurrari eskaintzen dizkiozun liburuekin gozatzen. Zuk zeuk gozatzen baduzu, hori transmitituko diozu eta errazagoa izango da haurrak ere disfrutatzea.
8. Jakin ezazu oso garrantzitsua dela ez bakarrik liburua erostea, baita liburua irakurtzea edo kontatzea ere. Adin tarte txiki horretan liburuek helduen presentzia dinamikoa izatea aberasgarria da, bai haurraren garapenean laguntzeko, eta baita elkarrekin disfrutatzeko momentu egokia delako ere.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*