PENTSAMENDUAK ORDENATZEN

PENTSAMENDUAK ORDENATZEN

Ikasturte amaierak hasiera kutsua ere izaten du. Alde batetik egindako ikastaro eta egitasmoen memoriak amaitu, azken bileretara joan eta oporretako egutegia atondu behar izaten ditugu, baina beste aldetik hurrengo ikasturtean burutuko diren proiektuak diseinatu, ikastaroak prestatu eta lanak banatuta utzi behar izaten dira oporretatik bueltan herdoila arinago kendu eta lanari berrekitea errazago izateko.


Nik amaiera gisa bizi izan dut garai hau gehienbat, baina aurten prestaketa lan horietan aritzea egokitu zait. Beste hainbat eginkizunen artean, erabilgarria suertatzen ez den eskuorri baten berritzea egokitu zaigu lankide bati eta bioi, egitasmo bateko interbentzioak eraginkorrago bihurtzeko nahian. Nahiko argi geneukan zer lortu nahi genuen, baina bertara iristeko bidea lausoagoa ikusten genuen. Puntu batzuen aurrean ez atzera ez aurrera geundela, lankide batek tailer bat egitea proposatu zuen. Duela egun batzuk udako ikastaro bat egiten aritu ziren, eta han ikusitako teknika bati jarraiki, erronkari heldu genion.
Edward de Bono psikologoaren “Hausnartzeko sei kapela” (Six Thinking Hats) izeneko liburuan oinarritutako teknikaren bidez burutu dugu tailerra. Sei koloretako (zuria, horia, gorria, beltza, berdea eta urdina) kapelak irudikatzen dira eta kolore bakoitzak pentsatzeko prozedura bati edota buruan ditugun ideia multzo bati egiten dio erreferentzia. Prozeduran jarraitu behar dugun koloreen ordena finkoa da eta kapela bakoitza janztean kolore horri dagokien pentsamenduetan bakarrik jarri behar dugu gogoa. Dirudienez hausnartzean gure buruari ordena bat ezarriz gero erronkari modu eraginkorrago batean eusten diogu.

Tailerra hasi genuen, eta bukatu ere bai. Burutzen dugun lehenengo aldia denez, ezinezkoa zait prestatu dugunak zer nolako ondorioak izango dituen esatea, baina guri behintzat hasieran geneukan blokeo horretatik ateratzeko baliagarria egin zaigu. Tailerra eraginkorra suertatu zaigu, beraz. Sortutakoa eraginkorra den, berriz, oporren bueltan ikusiko dugu…

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*