PORTUA ERAIKITZEN…

PORTUA ERAIKITZEN…



Irailean ikasturte hastearekin batera EGOKITZAPENA hitza entzuten dugu maiz, batez ere guraso eta irakasleen artean. Egokitzapen-aldiak indarra hartzen du batez ere 1 eta 3 urte bitarteko haurren artean. Eskolaratzeak atxikimendu eta erreferentzizko pertsona aldatzea dakar eta horrek zuzeneko eragina dauka haurraren garapenean. Izan ere, lehenengo urteetan lotura afektiboak garrantzia berezia baitu. Hortaz, transizio aldia beharrezkoa da, ingurunea ezagutzeko, berarekin batera egongo diren haurrak ezagutzeko, segurtasunez esploratzeko, jolasteko, eta harreman osasuntsuak eraikitzen joateko. Rafael Cristobal-ek (Psikiatriako Doktore eta Huheziko irakasleak) dioen bezela, “umeak badaki nahi bezain urrun joan litekeela portu seguru batera itzultzeko aukera baldin badauka.”

Beraz, eskola testuinguruak bere berezitasunak baditu ere pertsona guztiok ditugu egokitzapenerako beharrak. Egokitzapenaz hitz egiten dugunean, gure ingurunera moldatzeko, bertan ematen diren egoerei, pertsonei, inguruneko ezaugarriei egokitzeko prozesuaz ari gara. Gizakiok maiz egiten dugun prozesua da, gure bizitzan aldaketak nahiko maiz ematen direlako, lagun artean, lanean, familian,…

Beharrezkoa izaten dugu denbora tarte bat egoera berri hauetara egokitzeko, batzuetan besteetan baino gehiago. Zeren arabera? Norberaren izaeraren arabera, bizitutako egoerek sortu dizkiguten kezken arabera, aldaketa horren ezaugarrien arabera,… pertsona bakoitza desberdina da eta bizitzeko erritmo desberdinak ditu. Bizi ditugun garaiak, ordea, ez dute batere errazten egokitzapena, ez dago denborarik, dena ahal den azkarren egin behar dugu eta emaitza dugu etengabe buruan, azken helburu horretara iristeko bidea zaintzea ahaztu egiten zaigularik.

Egokitzapena harrera jarrerari lotuta dijoa erabat eta pertsonen harrera edozein tokitan eta uneetan zaindu beharreko momentua dugu. Harreraz hitz egiten dugunean errespetuaz, enpatiaz, jarrera positiboetaz, samurtasunaz, etabar ari gara. Azken finean, portua eraikitzen ari garela esan dezakegu.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*