HAURREN HAZKUNTZA PROZESUEN BORTXAKETA

HAURREN HAZKUNTZA PROZESUEN BORTXAKETA



Aspaldi honetan kezkatuta eta harrituta nabil haurren hazkuntza prozesuekin. Berez, prozesu naturala da. Gizaki bakoitza, bere beharrei eta abiadurei egokiturik, bizitzan konkista desberdinak egiten doa. Haur izatetik nerabe izatera une jakin batean pasatzen hasten da, edo hasi beharko luke. Bakoitza, berari dagokionean, berez. Baina badaude zenbait kanpo faktore, une honetan aldatzea zaila direnak eta nire ustez, prozesu natural horiek bortxatzen dituztenak. Eta bizi dugun gizartean eragin ez natural handiena eta eraginkorrena hezkuntza sistema formalaren antolaketa da. Gaur egungo hezkuntza sistemaren antolaketan, haustura bat ematen da zikloetan. Haurrak, 11-12 urte dituztela, institutura doaz, hainbatetan beste ikastetxe batera. Haur horiek, 16 edota 18 urteko gazteekin bizikide izaten hasten dira, horrek inplizituki erantsia duen mezuarekin.

Gauzak asko aldatu dira, gizartea aldatzen doan sistema da, baina gizakien garapen prozesuak ez dira aldatzen hezkuntza antolaketan eman den hausturaren abiaduran.

Garai bateko haurrek, hezkuntza sisteman 13-14 urte betetzen zituzten arte haurrak egoten ziren ikastetxeetan jarraitzen zuten murgilduta. Beraien beharrak eta jasotzen zuten erantzuna gaur egun baino bateratuagoak zeuden. Partekatzen zutena edo non begiratu aurkitzen zuten ispilua beraiei egokitua zen.

Aurreko batean, institutuan hasi berria den neska baten amarekin topo egin nuen. Zer moduz hasi zen galdetzean oso kezkatuta zegoela adierazi zidan. Hara zer esan zidan: “Goizean etxetik haur bat irten da, eta bazkaltzera, nerabe bat itzuli da.”

Nerabea, agian, formetan, izan nahian, ereduen kopiatzean. Baina ziur nago ez zela, ezin zela nerabezaroak dituen ezaugarriak betetzen dituen pertsona izan. Ez delako bere garaia, ez dagoelako prest. Oraindik haurra delako, baina…kanpo agente batek, ez nolanahikoak (hezkuntza sistema), dagoenekoz nerabea dela adierazten die (baita ezkutuko mezuen bidez ere).

Haur horiek gatazka batean bizitzen hasten dira. Informazio nahasia. Oraindik haurren bizitza egin beharra dute, baina ezin. Beste zerbait izan behar dute. Baina zer? Disney Channeleko serie uniformatzaileetan dute eredua agian?

Hori bai, herrialde garatu hauetan 16 urte bete arte lanik ezin dugunez egin, hortxe dago derrigorrezkoa den bigarren hezkuntza lan sistemaren araudia zintzoki betetzen.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*