GURE BETAURREKOAK

GURE BETAURREKOAK



Goizean esnatu eta egiten dudan lehenengo gauza, ezer baino lehen, betaurrekoak janztea da. 26 urte daramazkit gauza bera egiten. Miopia dut. Wikipediaren arabera “eremu luzeko ikusmena murriztuta dut” Mundua ikusteko modu berezia dudala esatea gehiago gustatzen zait niri. Egia esan, denok dugu mundua ikusteko modu berezia; bakarra, esango nuke. Pertsona bat, mundu ikuskera bat. Gauza bera modu ezberdinean ikusi eta ulertzen dugu. Aberastasuna aniztasunean dagoela diote.

Norberaren askatasuna, bestearenarekin topo egiten duen lekuan bukatzen dela ere badiote. Mundu ikuskerek ere elkar topo egiten ote dute? Nik, behintzat, betaurrekoak jantziak ez baditut, topo egin eta baita estropezu ere egiten dut. Eta erortzen banaiz, lurretik altxa eta aurrera egiten dut, edo saiatzen naiz, behintzat.

Gure mundu ikuskera konpartitzen ez duenarekin topo egitean aukera asko izaten ditugu: besteari gure betaurrekoak zein onak diren konbentzitzen saiatu, bestearen betaurrekoak probatu, betaurrekoak konpartitu… lehenengotik gehiago egiten dugula uste dudan arren, betaurrekoak konpartitu edo hirugarren betaurreko batzuk sortu eta haiek erabiltzearen hautua egin duen pertsona talde baten bat edo beste ezagutzen dut. Baina, nola egiten dugu hautu hori? Eta nola mantentzen dugu?Pertsonalki, badakit zeinen zaila den, betaurreko berrietara ohitzea. Konstantea izan behar duzu, egunero jantzi, ongi zaindu, garbitu…konpromiso bat hartzen duzu zure buruarekin, Lehenengo egunetan, janztea ahazten zaizkizunean, norbaitek gogorarazi behar dizu, baina, azkenerako, ohitzen joan, gustuko izan eta haien beharra ere izaten duzu. Edo bestela, zuretzako ez direla onartu, gainetik kendu eta lehengoak janzten dituzu. Norbaitek ondotik, jantzi behar dituzula, zaindu behar dituzula, maitatu behar dituzula esatea erosoa zaie askori nonbait. Nik behintzat ez dut hori gustuko izaten.

Har dezagun denboratxo bat norberaren betaurrekoak norenak diren pentsatzeko, mundu ikuskera erosoa zaigun hausnartzeko, hautu propioz janzten ditudan edo norbaitek gogorarazi behar didan konturatzeko.

Beharbada, lehengoetara bueltatuko zara. Edo ez. Nork daki.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*