ZENTZUMENEN JAIALDIA

ZENTZUMENEN JAIALDIA



Aurreko astean zehar jaialdi ero bat izan da 13. urtez Bera, Donostia eta Hazparnen barrena, bertara hurbildu direnen zentzumenak bixitu nahian. “ERTZ- bertze musiken jaialdiaz” ari naiz.

ERTZ arte gunea, arte garaikidearen eta bereziki soinua ardatz duten adierazpideen inguruan lan egiteko Beran (Nafarroa) osatutako sortzaile taldea da.
2000. urtean martxan hasiz geroztik, ekitaldi mordo bat antolatu du elkarteak, aipatu momentutik urtero etenik gabe ospatzen den ERTZ Bertze Musiken jaialdia oinarri nagusi bezala hartuz. Denbora guzti honetan jaialdian parte hartu duten artisten zerrenda amaigabea da, tartean nazioarteko musika esperimentalaren eta soinu artearen izen azpimarragarriak.

ERTZek bertako nahiz nazioarteko instituzio eta elkarte anitzekin egin izan du eta egiten du lan, ikerketa, elkartruke eta erakusketa egitasmoak aitzinera eramaten.
Ekitaldiez gain, liburuak, katalogoak, CD-ak eta bertzelako lanak antolatu eta sortzen ditu.

Aurtengo honetan ere hurbildu garenoi, kurioso nahiz zaletuei, haurrei, baserritarrei, gurasoei, turistei, lagunei, laguntzaileei, herritarrei, artistei… ez dut dudarik egiten guztioi lo sakonenean genituen zentzumenak ere momenturen batean ernatu dizkigutela. Batzuetan norberak bere aldetik lan pixka bat egin behar du hori gertatzeko, baina bertze anitzetan ezinezkoa egiten da etortzen diren sentsazioetatik ihes egitea.

Hagitz zaila eta luzea eginen litzateke jaialdi hau bizi ez duen norbaiti azaltzea. Niretzat jolasaren jaialdia da. Esperimentatzearen jaialdia da. Herriko eta mundu osoko jendea ezagutzearen jaialdia da. Ikastearen jaialdia da. Kontzienteki aspertzetik irri-algaraz negar egiterainoko jaialdia da. Benetan eta serioki adin guzietarako jaialdia da. Benetan eta serio adimen guzietarako jaialdia da. Ah! Eta bertze musiken jaialdia ere bada!

http://www.ertza.net/

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*