ARKATZ BATEKIN

ARKATZ BATEKIN



Gauza asko egiteko balio dezake arkatz batek. Idazteko, marrazteko, azpimarratzeko, jakina. Baina baita, besteak beste, ilea motots batean jasotzeko, azterketa bateko urduritasunak hozkadaka lasaitzeko, balkoiko landaretxo hasiberriei goranzko bidea erakusteko ere.

Behin, ostiralero trenez egiten genituen bidai horietako batean, grafitozko mutur bat igarri nion lagun bati orduantxe irakurtzen hasia zen liburu baten izkinatik. Liburu batean arkatz bat zergatik zeraman galdetzean, aspalditik hartua zuen ohitura zela erantzun zidan. Modu horretan, zein orritan zihoan markatzeaz gain, deigarriak iruditzen zitzaizkion gauzak apuntatzen omen zituen, liburua berriro gainbegiratuz gero akordatzea merezi zuten esaldiak-eta.

Ordutik, liburu berri bati ekiten diodan bakoitzean, lagunaren arkatza datorkit burura, baina inoiz ez dut denborarik hartu liburua jada eskuetan izanik, askatu eta arkatz baten bila hasteko. Duela gau batzuk, aspalditik zain neukan obraren lehen orrietan ondorengoa irakurri nuen arte:


“ LEON WERTH-i

PARKAMENA eskatzen dizuet zuei haurroi liburu hau pertsona nagusi bati eskaini diodalako. Hala ere, aitzakiarik ba dudala uste dut. Lehenik: Munduan ene adiskide handiena baita. Bigarrenik: adiskide nagusi horrek dena ulertzen baitu, zuentzat, haurrentzat egindako liburuak ere. Hirugarrenik: Frantzian bizi denez, gose eta hotz da. Eta kontsolatzeko beharra du.

Aitzakia guzti hauek ez badira aski –pertsona nagusi hori izan bide delako noizpait txiki– noizpait mutil koxkor izan zenari berari eskainiko diot hau liburuau. Guztiok lehenik haur izan garelako… gero koxkortzeko, –inor gutxi oroitzen da horretaz–. Zuzen dezadan beraz neure eskaintza.

LEON WERTH-i, HAUR IZAN ZENARI”


Ohetik altxa, tiradera bat ireki eta behin baino gehiagotan punta zorroztearen eraginez ia ahituta dagoen arkatz baten azken trazuak emateko unea iritsi zela iruditu zitzaidan. Printze Txikia halaxe irakurriko dut nik, arkatz batekin.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*