NER EGUNA!

NER EGUNA!

Urtxintxako lankideok irailaren 22an Zerainen izan ginen, eguraldi paregabearekin. Ner estiloan funtzionatzen dugun elkarte eta enpresak elkartu ginen bertan . 350 pertsona elkartu ginen eta ekintza desberdinak egiteko aukera izan genuen bertan.

Goizean Zerain eta bere inguruak ezagutzeko aukera izan zuten ibilaldian parte hartu zutenek. Hamaiketakoa dastatuz Ner egunera gerturatutako guztiak elkartu ginen eta jolas egiteko indarrak hartu genituen tomate, gazta eta txistorraren laguntzaz. Ginkanari eman genion hasiera hamaiketakoa bukatutakoan eta proba desberdinetan parte hartzeko aukera izan zuten taldeek, hala nola, jausgailua astintzen, ura garraiatzen, Flopi-flopin jolasten, lokotxak motoz biltzen, giza piramideak osatzen…

Ginkana gosetuta bukatuta, herriko frontoira joan ginen bazkaltzera. Zeraindarrek bikain egin zituzten zerbitzari lanak eta bazkaria primerakoa izan zen. Bazkal ondoan Lur denok-eko hiru saski zozkatu ziren eta Urtxintxako laugarren jolasen bilduma, Txantxariak, banatu zitzaion bertaratutako familia bakoitzari. Arratsaldeko lehen zatian gure lagun Txantxariak izan ziren protagonista, euren jolasak eta kantuak proposatuz.

Egunaren azken zatian berriz, K2K emocionando, Ner estiloa elkarte eta enpresetan txertatzeaz arduratzen den taldeko lau artistak euren koreografia eskaini ziguten, Village People taldearen WMCA abesti ezagunaren laguntzaz. Jarraian Urtxintxako lankideok Gustavo Limaren Balada Boaren musika oinarri hartuta Urtxintxaren 25. urteurrena ospatzeko sortutako abestia abestu genuen. Disko jartzaile batek jarritako musikaren erritmoan dantzan bukatu genuen eguna. Barre nahikoa eginda eta egun polita pasa izanaren sentsazioarekin bukatu genuen eguna, hurrengo urtekorako prest!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*