‘PA’

‘PA’

Izugarri gustuko ditut muxuak, bai ematea eta baita jasotzea ere… maitasuna adierazteko modu goxo eta polita dela iruditzen zait, baina aurreko batean Berria aldizkaria irakurtzerakoan Idurre Eskisabel-ek idatzitako artikulu honekin egin nuen topo eta zer pentsa handia eman zidanez zuekin konpartitzea erabaki dut.

Miren terapian hasi da. Afektibitateak sortzen dio arazoa, edo, bere autodiagnostikoaren arabera, afektibitaterako ezintasunak: ez zaio muxurik eman eta jasotzea gustatzen, ez bestelako besarkada eta laztanik ere —ez, behintzat, sexu jolasaren testuingurutik kanpo—. Umetatik du zakar fama: atzetik ibiltzen zitzaizkion ama eta izebak «baina eman pa bat, laztana» tematia lelo hartuta, eta bera beso artetik itzurika, arnasa bila. Amesgaizto zitzaizkion gurasoen lagunen bisitak, muxuengatik.

Hura larritasuna 12 bat urterekin herriko txirrindulari lasterketako irabazleari lore-sorta ematen jarri zutenean; haiek lanak protokolozko bi pa haiek sortzen zioten higuina disimulatzen. Adiskidetasuna adierazteko, neskentzako bederen, dena muxu, dena laztan, bihurtu zen garaia iritsi zen aurrerago, eta ia bestea ukitu gabeko fereken teknika garatu zuen. Gerora, oso baliagarri izan zaio lan arloan. Aspalditik uste du arazo bat duela, baina iloba jaio zenetik piztu zaizkio alarmak: maite du, orduak egingo lituzke harekin jolasean, baina ez zaio besarkatzea eta muxukatzea gustatzen. Gaixo dagoela ondorioztatu du. Baietz, terapian hasteko aholkatu diote ingurukoek.

Aitor ere horrelakoxea da, baina ez zaio inoiz burutik pasatu arazo bat duenik. Ez eta haren inguruko inori ere.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*