IDOLOAK

IDOLOAK



Urtero lez aurreko aste bukaera honetan Donostiako zinemaldiaren beste ekitaldi bat amaitu da. Inguruan pasa zareten guztiok bizi ahal izan duzue sortzen den lilura, desio eta baita “erokeri” puntu bat (oihuak, famatuak ikusteko orduetako itxaroteak…). Bertatik pasa ez zaretenok ere ziur telebistan edota bestelako komunikabideetan jarraitu ahal izan dituzuela gertatutakoak.

Badirudi 2012ko zine eskaintza aurreko urteetakoaren oso gainetik egon dela. Kritikoek behintzat kalitatea aipatzeko modukoa izan dela adierazi dute (onerako noski). Ni ordea ez nator horri buruz ezer esatera, ez naiz zine kritikoa eta are gutxiago pelikulak ikusi gabe (azken finean edonork eman baitezake iritzia). Aldiz jarraitzaile sutsuetaz hitz egin nahiko nuke.

Jarraitzaile sutsuetaz ari naizenean, muga jartzea zaila egiten zaidanez orokorrean aipatuko ditut eta gero irakurle bakoitzak aukera dezala non dagoen muga bat edo beste.

Zergatik galtzen dugu burua jende famatua ikustean? Edo zergatik dedikatzen diogu horrenbeste denbora idolo gisa dugun pertsonari? Nik buelta batzuk eman ostean bi arrazoi atera ditut (ziur beste asko ere badaudela edo hauek ez direla egokienak):

Lehenengoa inguruaren eraginez (familia, lagunak…) guk ere idolo baten beharra sentitzen dugula da. Baina zergatik idolo bilakatu gu bezalako pertsona den hori? Zer du horren berezia besteongandik desberdin egiten duena? Gure bizitzako zati bat bera miresten erabiltzeak pena merezi al du? Galdera asko bururatzen zaizkit, baina niri, idolorik ez dudan aldetik, nahiko errazak iruditzen zaizkidan arren badakit amesteko modu bat ere badela.

Bigarrena komunikabideek guregan behar hori sentiarazten digutela (edo barnean dugun behar hori pizten digutela hobeki esanda) pentsatzen dut. Telebistan agertze hutsak norbait famatu egiten du eta fama horrek herritar xumearen mailaz haratago kokatzen du automatikoki ikusle gehiengoen buruetan.

Gizakiongan ia automatikoa den gauza bat da, txikitatik ama ala aita miresten ditugu baina handitzen goazen heinean miresmen hori kontrako aldera ere pasa daiteke! Telebistako pertsonaiekin ez da baina horrelakorik gertatzen.

Eta telebistan agertzeagatik norbaiten jarraitzaile sutsu izatea? Telebistarik ikusiko ez bagenu ziur naiz ez genukeela horrelako idolorik izango eta “probetxuzko” (barka diezadatela idoloak dituztenek) gauzetan erabiliko genukeela denbora mordoa (ala ez, nork daki). Batzuetan pentsatzen dut aintzinean (eta gaur egun) futbolarekin egiten zen gauza bera egiten dela orain zentzu batean telebistarekin: emaiozu gizarteari benetako arazo edo beharretan pentsaraziko ez dion zerbait eta horrela gizartea menderatuta izango duzu. Hala gaude ba, burua noraeze permanente batean dugula!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*