EREDU BATEN PORROTAK IBILBIDE BERRITZAILEAK ESKATZEN DITU

EREDU BATEN PORROTAK IBILBIDE BERRITZAILEAK ESKATZEN DITU



Aurreko batean, lagunarteko solasaldi batean, inolako zalantza izpirik gabe baieztatu nuen erakundeen (elkarte, enpresa, edo egitasmo) egungo antolakuntza eredua zaharkitua dagoela, beste garai bateko egiturak direla, XIX. mendean sorturiko funtzionamendu hierarkikoak direla, eta gainera, militar kutsua dutela ere gehitu nuen. Gauzak horrela, ordutegiak aginduta, solasaldia amaitutzat eman behar izan genuen baina iritzi orokorra zena modu zehatzagoan azaltzeko gogoz geratu nintzela onartu beharra daukat. Burura arrapaladan zetozkidan: pertsonak lanabes hustzat hartzen direla, ez zaiela duten balio eta behar adina garrantzi ematen, ohikoa den komunikazio eza, agintari eta eginkizunak burutu behar dutenen arteko distantzia, gardentasun eza, datu ekonomikoak ez ezagutzea,… hainbat eta hainbat gabezi, hutsune.

Blogean artikulu hau idazteko aukera dudanez, une honetan, urte amaieraren datarekin bat, hainbat erakundetan burutzen ari diren plan estrategikoak datozkit burura. Hurrengo urte(eta)rako norabidea planifikatzen den plan horiek. Beti, ia beti, gutxi batzuen ardura izaten da, normalean goi mailako karguetan dauden pertsonak, duten boteretik eginak, eta haiek pentsatuak, ondoren plana errealitatean bihurtu behar duten pertsonei jakinarazteko; zer eskatzen zaien jakinarazteko. Normalean, gainera, txosten mardulak izan ohi dira, koadernaketa apain batekin nagusien apalategietan txukun txukun geratzen direnak. Goitik behera eginiko planak, kasu gehienetan eguneroko bizitzaren ezagutzatik urrun, eta helburu ekonomikoei nagusitasuna emanez. Azpimarratzekoa era berean, egitasmo horietako protagonistak izan behar duten pertsonen partaidetza eza.

Abiapuntua hori izanik, jakinarazi nahiko nuke egon badaudela plan horiek egiteko beste modu batzuk, askoz ere modu koherenteagoan, eraginkorragoan, eta garai berri hauek eskatzen duten modu berritzaileagoekin. Eta horren harira, nergroup taldearen egiteko modua partekatu nahi dut.

Nergroup taldean gauden erakundeek ez dugu plan estrategikorik egiten. Horrek ez du esan nahi lana norabiderik gabe egiten dugunik. Hitzek ere konnotazioak eta sakoneko funtzionamenduak ezkutatzen dituztenez, guk IHa deitzen diogu, alegia, Ideiak eta Helburuak. Egitasmoan lan egiten duten pertsona guztiek dute ideiak proposatzeko aukera eta eskubidea. Horretarako, bakoitzaren ekimena eta sormena lanean jarriz, ideia lan talde bakoitzean proposatzen dira. Ideia horiek helburu gisa formulatzen dira ondoren, alegia, zer den lortu nahi den adierazten da, planifikazio horretan maila kualitatiboak eta kuantitatiboak (ekonomikoak barne) kontuan hartuz.

Horregatik, guretzat funtsezkoa da hurrengo urteko jardueran protagonistak diren pertsona guztien partaidetza, denek dute eta eduki behar dute aukera planifikazio fase horretan parte hartzeko, finean, beraiek baitira arrakasta edo betetze maila altuak berma ditzaketenak. Eta horretarako, egitasmo bakoitzean dagoen lan talde bakoitzak, guztiek, euren eguneroko bizitza ezagutzen dute, inork baino hobeto dakite zeintzuk diren dituzten gabezi zein indarguneak, eta noski, erakundearen eguneroko bizitzan hain integratuak zein inplikatuak daude, Ideien eta Helburuen plangintza hori erakundearen hala misioarekin nola beharrekin bat egiteko gaitasuna dutela.

Horregatik, une honetan horretan dihardugu. Lan talde guztiak ari dira horretan pentsatzen. Ideiak lantzen. Helburuak jartzen. Euren buruei erronkak jartzen. Egin beharrak beste modu batera planifikatzen. Konpromisoak partekatzen. Erakundeak biziak egiten. Denen erantzukizunen artean dago hortaz arduratzea ere. Ondoren, lan talde bakoitzak berea adostu ostean, gainontzeko lan taldeetako kideekin partekatuko dugu. Ekarpenak egin, zuzenketak bideratu, abendurako, orduan onartuko baita erakundearen hurrengo urtearen norabidea. Alegia, jakin egingo dugu zertara jokatuko dugun, nola jokatuko dugun, eta noski, urtean zehar partida nola doan ikusteko moduak eta tresnak aurre-ikusiko ditugu. IHa ez delako nagusi baten apalategian txukun koadernatuta geratuko. Kontrakoa baizik. Hilero hilero IHaren betetze maila erakundeko pertsona guztiei aurkeztua eta denen artean aztertua izango da. Betetze mailak, zailtasunak, lorpenak, erronkak, konpromiso berriak … datu ekonomikoak barne, jakina.

Egiteko modu desberdina da, eraginkorra eta egungo gizarteak egunez egun modu esplizituagoan aldarrikatzen duena. Erakundeetan pertsonak dira protagonistak. Ardura eta askatasunaren orekatik ahalik eta gertuen egotea, atxikimendu eza eta parte hartze guneetatik urrun egotea baino hobe da.

Aldaketa kultural sakona da. Ez gaudelako ohituak. Hezkuntza sistema uniformizatzaile, alienatzaile eta sormena kamusten duen baten oinordekoak garelako. Lan munduan hastapenak egiten dituen gazteak (egungo egoeran, bejondeizula!) ezagutzen duen lehen eredua ohikoa delako. Eta hori erraztasun handiz irensten dugu. Baina bai, honetan ere badira gauzak egiteko beste modu batzuk.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*