HAUR PARKEAK eta HAURRENTZAKO PARKEAK

HAUR PARKEAK eta HAURRENTZAKO PARKEAK

“Arkitekto jauna, txirrista eta zaldiko-maldikoen ordez, hondarra, ura, heskai eta harriak dira guk nahi ditugunak”


Jolaserako eta aisialdirako guneen diseinuan ikuspuntu ezberdinak hartu behar direla kontuan dio Jaume Trillak “La pedagogia del ocio” liburuan. Arkitektoniko eta urbanistikoa, demografikoa, ekonomikoa eta baita pedagogikoa ere. Azken honi dagokionean, bi oinarrizko irizpide hartu behar dira kontuan espazio ludikoak diseinatzerako orduan: bat-bateko jolasaren benetako eskakizunetatik abiatzea eta jolasa aberasteko ditugun perspektibak ireki eta estimulatzea.

Lehenengo irizpideari dagokionez, jolas eremuak osatzeko edozein esku-hartze, haurren jolasaren errealitatearen ezagutzan oinarritu behar da. Haurren bat-bateko jolasaren behaketa zuzena egitea ezinbestekoa da parke bat benetan erabilgarria izateko. Adin ezberdintasuna ere kontuan hartu behar da. Txikienek lurra, hondarra eta urarekin jolasteko aukera izan behar dute, parkearen kokapenaren arabera gutxi gorabeherako babesa duen lur-eremua izan behar dute eta ez legoke soberan jolaserako elementu berezituak (txirrista, zabu, etab…) izatea. Bai eta etxetxo, gordeleku, erakusmahai gisa erabil ditzaketen balio anitzeko egitura ezberdinak ere.

Handienek, berriz, talde jolasak garatu ahal izateko eremu zabalagoak behar izango dituzte, arrisku kontrolatu bat dakarten elementuak, etab. Dena den, aisialdirako guneak gehiegi isolatzea komeni ez den bezala, adin ezberdinetako haurren jolas eremuak gehiegi banatzea ere ez da egokia. Adin ezberdinetako haurren arteko elkarrekintza beti da aberasgarria. Txikienentzat handien jolasaren imitazioa eta emulazioa hazkuntzarako eta garapen-aldien gainditzearen pizgarri dira; handientzat, txikienekin kontaktua eta elkarrekintzak erantzukizuna suspertzen du, baita, balore hezitzailea duen nolabaiteko babeserako joera ere.

Gauza ugari hartu behar dira kontuan, beraz, parke bat diseinatzerako orduan; baina, nork diseinatzen ditu gure herrietako haur parkeak? Arkitektoek? Ekonomilariek? Pedagogoek? Beharbada haurrek?

Bada “La ciudad de los niños” izeneko liburu eta egitasmo bat. Ideia Fano-n (Italia) sortu zen 1991.urtean eta herritar guztien beharren berme eta parametro gisa haurrak hartuz, herriaren gobernu filosofia berri baterantz lan egitea du xede. Ideia hau Italiako herri askotan zabaldurik dago jada. Espainiar estatuan ere zenbait herri honen haritik lanean dabiltza, Madril, Bartzelona eta Valentzia ingurukoak batez ere.

Seguru egitasmo hau abian den herrietan haur parkeak haurrentzako parkeak ere badirela. Eta… gure parkeak, nolakoak dira?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*