ONGI ETORRI BEGIRALE!!!

ONGI ETORRI BEGIRALE!!!



Begirale ikastaroei hasiera eman diegu eta ohikoa den bezala lehenengo saioetan elkar ezagutzeko eta norberak ekartzen dituen espektatibak konpartitzeko tarteak toki berezia hartzen du. Lehenengo eguneko urduritasuna, jakin-mina, ilusioa, lotsa… nabari dira taldean, bai ikasle baita irakasleen artean ere, elkarrekin egingo dugun bidaia berria izango baita denentzako. Denok ditugu nahiak, kezkak, transmititu nahi ditugun ideiak, esperientziak etab. eta horrek bihurtzen gaitu denok ikasle eta irakasle era berean.

Bakoitzak bere erritmoan, bere parte hartzeko moduan, bere isiluneetan, besteekin eraikiko duen harremanean, egingo dituen hausnarketetan, eraikiko duen irizpidean… ibilbide pertsonala egingo du. Ibilbide horretan ondoan izan ditugun horien ekarpenak, gertaerak, irribarreak, bizipenak… egongo dira; elkarrekin esertzeaz gain eta espazioa konpartitzeaz gain, taldeak eskainiko digulako gure iritziak plazaratzeko gunea, konpartitzeko gunea, ongi pasatzeko gunea, ardurak hartzeko gunea …

Lerro hauek baliatu nahiko nituzke ongi etorria emateko esperientzi honetara, eta bide batez esateko, ezagutzaren gizarte honetan ezagutzak izatea garrantzitsua bada ere, hau da, planifikatzen jakitea, ebaluatzen jakitea, jolas mota desberdinak egiten jakitea, etab. hori guztia nola egingo dugun, zergatik eta zertarako aztertzea ere aurrekoa bezain garrantzitsua dela. Ez al zaizu iruditzen gure burua janzteaz gain, gurekin batera bizi-ibilbidea egiten duten bihotza, harremanetarako konpetentziak eta balioak zaintzea ezinbestekoa dela?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*