AGOTAK

AGOTAK

Aurreko astean BAZTAN, Donostiako Zinemaldian estreinatu berri den filma ikusi nuen. Bailarako biztanleak eta aktore ezagunak (Carmelo Gomez, Unax Ugalde, Joseba Apaolaza, Ramon Agirre…) nahasten dira eta nagusiki agotei buruz hitz egiten digu filmak. Ez nuke esango gidoi aldetik istorio ederra denik baina ikusgarria da eta ez da aspergarria. Bada urte mordo bat Arizkungoa den Bozate izeneko auzoa ezagutzen dudala. Lagun bat dut bertan bizi zena. Margolaria izatez, baina tabernaria ogibidez. Eta bere etxera joaten ginen asteburua pasatzera noizean behin. Koadroak nola margotzen zituen ikustera, afari eta bazkari goxoak egitera eta baita ibilaldi zoragarriak egitera ere. Bertako beste bizilagun batzuk ere ezagutu genituen eta hauek guztiak ezagutzearekin batera agoten presentzia izaten zen. Bertako biztanleak artisauak izan dira: zurginak batez ere. Gaur egun Santxotenaren museoa dago ikusgai. Bozate ezagutzen ez duzuenontzat esan beharra daukat auzo berezia dela, batetik ez duelako ez eliz ez frontoirik eta bestetik baserri txiki edota okertuez osatzen delako. Bada auzoaren erdian lur sail lauki bat, baina inguruan dauden etxe guztiek bizkarra ematen diote plaza ederra izan zitekeen zelai honi. Ez dago ez taberna ezta dendarik ere. Baina zergatik?

Antza denez, agotak Urtsuako Jaunak ekarri omen zituen esklabo beretzat lan egin zezaten. Horretarako Urtsuako Jauregitik gertu dagoen lur eremu batean kokatu zituen eta bertan bizi izan dira betidanik.

Agoten jatorriaren inguruan teoria ezberdinak daude. Agota edo Frantziako hegoaldean ‘cagot’ izenekoak Pirinioetako bi aldetako bailaratan sei mendetan zehar arraza edo komunitate ezberdin moduan bizi izan ziren eta inguruko herri guztietako diskriminazioa jasan zuten. Jakina da Baztanen Arizkungo Bozate auzoan bizi zirela -eta bizi dira- eta mendeetan zehar “arraza madarikatutzat” hartuak izan dira.

Altueraz baxuak zirela, larru zuriarekin, hile ori eta gingilik ez edo belarriari itsatsia zutela erraten da. Baina baita deabruak bezala buztana zutela eta belarraren gainean oinutsik ibiliz gero, hau erraustuta geratzen zela ere.

Agotek ez zuten inolako eskubiderik, ez politikorik ezta sozialik ere; debekatuta zuten gainontzeko biztanleriarekin nahastea. Bozate bezalako bereizitako ghettoetan bizitzera behartuta zeuden eta elizetan ezin ziren ate nagusitik sartu, saihetseko ate batetik baizik. Elizan beraientzako ur bedeinkatu ontzi berezi bat zuten. Agot eta ez-agoten arteko ezkontzak pentsaezinak ziren. Eta hiltzean, ez zituzten kanposantuan lurperatzen, mendian baizik. Ez zieten uzten lurra edo aziendarik edukitzen. Ezta zura mozten baso komunaletan ere. Ezta iturri publikoetan ura edaten ere. Identifikatzeko arropan katu-oinatzaren forma zuen seinale gorri bat, edo antzar edo ate hanka bat zintzilika eramatera behartzen zituzten.

Gezurra dirudien arren, bazterketa honek XX. mendea arte iraun zuen eta gaur egun bailarako beste auzo bat gehiago da. Baztan filmak agoten istorioa jasotzen du besteak beste, Urtsuako Jaunaren garaian kokatua. Informazio gehiagorako:

Web orria: www.baztanlapelicula.com

Trailerra: http://www.youtube.com/watch?v=2ZmJZU9wEMk

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*