ARRE ZALDITXO ARRE

ARRE ZALDITXO ARRE


Arre arre mandoko
Bihar Tolosarako
Etzi Iruñerako
Handik zer ekarriko?
Zapatak ta gerriko.
Hoiek norentzako?
Mirenentzako!


Zapatak eta gerrikoa ez, baina nire izeba Mirenek sekula ikusi zuen zaldirik politena iritsi zen Tolosara 1956.urtean. Mirenek 5 urte zituela Errusian bizi eta ezagutzen ez zituen osaba-izebak zituen. Gerra zibilaren ondorioz Euskal Herritik ihesi joan behar izan zuten haur guzti horien artean, bere aitaren anaia eta arreba zeuden. Baina 60. hamarkadan aberrira bueltatzeko garaia zela pentsatu zuten eta asmo horretan lagundu zien anaiaren seme alabentzat ekarri zuten zaldia.

Nire aita eta izeba ziren etxeko txikienak eta ondorioz, zaldia erabili zutenak. Mundu guztia begira geratzen zen zaldia bere dotoreziaz kalean ikusten zutenean. Izan ere, artean, jostailuzko zaldi txuri hori bezalakorik ikusi gabe zeuden ingurukoak. Urteak pasa eta altxor bat bezala gordetako jostailuak, jabe berriak ezagutu zituen, nire lehengusuak, eta noski horien artean nire ahizpa eta ni. Izugarri gozatu genuen zaldi horren gainean eta auzotik zaldiarekin ateratzen gineneko oroitzapen ahaztezinak ditugu.

Orain 2012. urtean zaldiak gure artean jarraitzen du, gure seme alabak ibiltzen dira jolasean pozik berarekin. Txandaka noski, zaldiak ez baitu jabe bakarra, asko baizik. Nire aitak bere bilobak ikusten ditu zaldi gainean, bere zaldi gainean. Nik eta nire ahizpak gure lehengusuekin partekatu dugu beti zaldia eta gure seme alabek ere halaxe ikasi dute.

Egun, Tolosara iritsi zeneko begirada berdinak jasotzen ditu zaldiak kalera irteten denean. 50 urte baino gehiago pasa diren arren, arrakasta handia izaten jarraitzen du haur eta helduen artean. Egunero ikusten ditugu haurrak jostailuekin jolasean. Gaur egun haurrek denetik dutela esaten dugu eta egia da. Motoak, patineteak, bizikletak, panpinak… Baina duela 50 urteko jostailu batek horiek baino arrakasta handiagoa du. Belaunaldi desberdinetan erabilia izan da, eta ez da modaz pasatzen. Hori jostailu batek lortzea ez da erraza. Jostailuekin haurrak segituan aspertzen direla esan ohi da, baina zaldi honek badu xarma berezi bat.

Nire familiako kideei, txikitan izan duen jostailu gogokoena aukeratzeko galdetuz gero, ziur nago gehienek zaldia aukeratuko dutela, nik bai behintzat. Zuek ere izango duzue buruan txikitan izan zenuten jostailuren bat. Dena delakoagatik zuentzat berezia izan den jostailu bat edo baita jolas bat ere. Animatzen bazarete idatzi eta kontatu garai horiek gogoratzean burura etortzen zaizuen hori.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*