EREDU BATEN PORROTAK IBILBIDE BERRITZAILEAK ESKATZEN DITU (2)

EREDU BATEN PORROTAK IBILBIDE BERRITZAILEAK ESKATZEN DITU (2)


Imajina al dezakezu Messi, edo Griezmann, edo Satrustegi, edo Atxiko Mokordo laurogeita hamar minutuz futbol partida jokatzen, emaitza zein den ez dakiela? Eta Itxakoko jokalariak eskubaloiko Championsean sartuko lirateke iazko denboraldian emaitzen berri eduki gabe? Edo Pau Gasol L.A. boteretsuan saskiratze gehiago behar dituen edo ez jakin gabe NBAko partida irabazteko asmotan jokatzen? Uste duzue Irujok ez dakiela 22ra iristear dagoen edo ñaku zailetan arriskatu behar duen txapela jantzi ahal izateko? Eta gure partida, nola doa?

Zentzurik gabeko galderak egiten ditudala pentsa dezakezuen arren, ez dira itaun antzuak. Bizitzaren arlo batzuetan normaltzat ematen dugu zenbait galdekizunen erantzuna jakitea. Ezin dugu irudikatu esfortzua eta lana batera doazen jarduera bat, emaitzaren bat-bateko berririk gabe (Carrusel Deportivok mikrofonoak itzali beharko lituzke).

Are gutxiago irudika dezakegu kirol partida bat non jokalariek ez dakiten zertara jokatu behar duten, edo nola jokatu behar duten, edo defentsan indar gehiago egin behar duten, edo zergatik egin behar dituzten gauzak modu jakin batean, edo…

Ez, ez dira itaun antzuak, hori pentsatzen ari bazara. Azter dezagun lan mundua, eta galdera berdinak egin ditzagun.

Imajina al dezakezu, zu zeu adibidez, egunean zortzi ordu lan egiten, astean berrogei, urtean ez dakit zenbat, bizitzan… lanean eta lanean, baina emaitza zein den jakin gabe? Bai? Nola ote da posible hori? Baliteke zuri ere egoera hori ezaguna egitea. Lanean eta lanean ari zarela, baina jakin ez dakizkizula zehatz-mehatz galdera horien erantzunak. Beno, akaso nagusiek esango dizute garai hauetan zoritxarrez hain erabiliak diren “gauzak ez daude ongi”, “egoera itsusi jartzen ari da”, “inorentzat gustuko ez diren neurriak hartzera behartuak egon gaitezke” … moduko esaldiak. Baina sakoneko informazioa, ia inoiz ere ez.

Bai, jakin badakit, kasu batzuetan urtea nola bukatu den jakiteko aukera izaten duzuela, halako batzar berezi batean, non ia ulergaitzak diren kontabilitate planetik ateratako datuen arrapalada bistaratzen dizueten (ez ikusi, ez aztertu), baina esaten dizueten bezala, zenbakiak zenbakiak dira, hotzak, zailak ulertzeko, gainera gutxienez kontabilitateko nozio batzuk eduki beharko lirateke bere osotasunean ulertzeko, eta zuek ez dituzuenez…

Nola ote da posible gardentasun ekonomikorik ez duen erakunde batean langileak diren pertsonak motibatuak egotea? Nola egongo dira inplikatuak? Nola sentituko dira egitasmo horren parte? Unean uneko esfortzuak eskatzerakoan, zein arrazoik bultzatuta egingo dute? Ez egiteak sorrarazten duen beldurrak bultzatuta akaso? (…)

Aurreko post batean esaten nuen bezala, gauzak beste modu batean egin daitezke, eta eredu baten porrotak ibilbide berritzaileak eskatzen ditu. Eta hala egiten dugu nergroup taldeko erakunde guztietan. Une honetan 29 erakunde, non guztira 1742 pertsonak lan egiten dugun. 2011n guztion artean 275 milioi euro fakturatu genituen (2012an, bizi ditugun garaietan, 300 baino gehiago izango direlarik). Erakunde hauetan guztietan, gardentasuna da ezaugarri nagusia, baita ekonomiari dagokionez ere. Ez dira datuak ezkutatzen, lan-sarien mailak neurri handi batean berdindu egiten dira, denek dugu aukera guztion soldaten berri edukitzeko, eta testua idaztera bultzatu nauen gaiari lotuta, denok ezagutzen dugu, denok dakigu partida nola doan. Alegia, hilero hilero, erakundearen ibilbide ekonomikoaren berri ematen da eta partekatu egiten da. Aukera dugu hilabetea nola joan den jakiteko, fakturatu duguna eta eduki ditugun gastuak ezagutzeko; aldi berean, guztion artean adostu genituen aurre-ikuspenak betetzen ari diren edo ez partekatzen da, egin diren esfortzuen emaitzak bistaratzeko, hartu beharreko konpromiso berriak zein erabakiak hartzeko… Eta agian, garrantzitsuena, kontabilitate edo ekonomia ikasketak izateko beharrik gabe. Horretan arreta jartzen dugulako, datuak modu ulergarrian azalduz, aurretik, pertsona guztiengan kontzeptuok argitze aldera lanketa pedagogikoa eginez. Ez da hain zaila, eta emaitzak begi-bistakoak dira.

Gauza horiek guztiak lagun artean partekatzen ditudanean, maiz gertatzen zait “baina” hitzarekin hasten diren esaldi andana entzutea. Sinesgaitza egingo balitz bezala, edo ez dakit zehazki zein arrazoik bultzatuta (beno, egia esan jakin badakit, baina arrazoiketa hori beste baterako utziko dut). Baina “baina” horiek guztiak bertan behera erortzen dira, ezerezean geratzen dira gure eguneroko errealitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera dutenean. Eta zu ere, “baina” hitza erabiltzen hasi aurretik, gonbidaturik zaude.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*