JOSTAILUEK GENEROA DUTE?

JOSTAILUEK GENEROA DUTE?



Gabonetako giroa sumatzen hasiak gara dagoeneko, dendetan turroia, polboroiak, mazapanak… ikusten dira, telebistan perfume eta jostailuen iragarkiak nagusitzen hasi dira eta buzoitik jostailuen katalogoak ateratzen ditugu besteetan baino maizago.
Familietan ohikoak dira opariak aukeratzeko elkarrizketak, batez ere, haurrak dauden familietan. Nola aukeratzen ditugu opariak? Gurasook aukeratzen dugu, haurrek erabakitzen dute, familian orokorrean jasoko dituen opari kopuruari begiratzen diogu… Horrelako egunetan jostailuek tarte berezia hartzen dute eta askotan gurasoak erotu egiten gara merkatuan dauden aukera guztien artean.


– Aizu zer hartuko diogu gure ttikiari olentzerotarako?
– Ba, nik panpina pentsatu dut, jolas sinbolikoarekin hasi berria da eta panpinarekin gora eta behera dabil, hari jaten ematen, ipurdia garbitzen… hortaz, pentsatu dut gustuko izango duela. Eta bestetik, aurrekoan Nerearen etxean ibili zen berak duen sukaldearekin jolasten denbora luzez. Badirudi hori ere gustuko duela.
– Panpina eta sukaldea? Ez al dira hain justu emakumezkoari gizarteak egokitutako bi rol nagusi? Ez al zaizu iruditzen horrekin gu ere hain justu hori transmititzen ari garela gure alabari?
– Ba, nik horretan pentsatu dut bere gustukoak direla iruditzen zaidalako, halakoekin gustura jolasten ikusi baitut. Baina, egia da izango direla beste hainbat jostailu gustu onez hartuko dituenak. Egia esan, bera ere hain justu halakoekin ikusi izanak eta ez baloi batekin edo ezpatarekin borrokan zer pentsatua eman dit. Zer aukeratzen du jolasteko, ikusten duena? Berari gustatzen zaiona?…
– Agian orekatu egin beharko genuke eta rol horietatik aldenduz beste zerbait eskaini.
– Baina jostailuek generora dute edo guk jartzen diogu generoa jostailuari? Neskek eta mutilek euren generoari lotuta, jolasteko garaian hautaketa natural bat egiten al dute? Egia da sukaldea eta zaintza nolabait emakumezkoari egokitzen zaizkion eginkizunak direla nahiz eta gaur egun aurrerapausu batzuk eman. Baina, gure etxean zeinek sukaldatzen du?
– Biok
– Eta zeinek ematen dio jaten? Zeinek bainatzen du? Zeinek jolasten du berarekin?
– Biok
– Orduan!
– Bai baina, non dago etxeko transmisioa eta kanpoko ereduaren arteko muga?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*