KOLORETAKO BALDOSEN BIDEA

KOLORETAKO BALDOSEN BIDEA



Egoera : Zinera iritsi eta ikusi nahi dugun pelikula hamar minutu barru hasiko da.
Korrika ura erostera gerturatu gara. Prezioa jakinik, dirua justu daramat eskuan.

Elkarrizketa:
– Ni, presaka: bi ur botila 2,40 €, ezta? Justu dago, agur.
– Saltzailea: Ez.
– Ni, harrituta: Nola? 1,4 € bakoitza.
– Saltzailea: Bai, baina euskaraz eskatu duzulako %10eko deskontua daukazu.
– Ni, harrituta, ahozabalik…: Nola?
– Saltzailea: Bai, euskeraz eskatzeagatik %10eko deskontua egiten dizuegu.
Alde batera eta bestera begiratzen hasi nintzen, ea kartelen bat zegoen honen adierazgarri, eta inondik ez nuen topatu.
Ondoren, leihatilara gerturatu ginen, eta sarrerak eskatu genituen, berriro euskaraz, baina han ez zegoen deskonturik! Ze pena!
Berriro bederatzi urte izango banitu bezala sentitu nintzen. Bai, ikastola garaian nengoenekoa eta euskaraz hitz egiteagatik saria ematen zidatenekoa. Argitxorekin bizitakoa: bideko baldosak gorriz edo berdez margotuz gero lortzen genuen saria, berdez saritik gertuago, noski.
Oraingoan baldosak margotu gabe emandako sari bat izan da, ohitura edo aukera bat egin dugunontzako saria. Euskaraz hitz egiteagatik.
Ez naiz saritzearen aldekoa. Garai haietan, laugarren mailan, banekien euskaraz hitz egiteagatik sari bat jasoko nuela, baina ez nuena espero inondik inora, gaur egun hogeita hamabost urterekin ere jasotzea. Eta badakizue, ilusio berdinarekin jaso nuen, txikitan azukrezko sagarra edo gaztainak ematen zizkigutenean bezala.
Gertatu al zaizue noizbait halakorik? Hala bada, gustatuko litzaidake gurekin konpartituko bazenute.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*