HEZIKETA TRANSMISIOA NONAHI

HEZIKETA TRANSMISIOA NONAHI



Agustini aurreko batean garabiak eraman zion kotxea. Gaueko ordu txikitan, aparkaleku bila zebilela, eta makina bat buelta eman ondoren, hara non topatu zuen garaje baten sarrera ondoan hala moduzko toki bat. Garajearen sarrera, lurreko marra hori batzuez adierazita zegoen, eta aldameneko kotxeari pega-pega eginda utzi zuen bere ibilgailua. Kotxetik irten, eta atzeko gurpil bakar batek garajearen sarrera adierazten duen marra horia hogei zentimetro besterik ez zuela gainditzen behatu zuen. Errepidetik begiratu, eta garbi ikusi zuen garajeko sarrera-irteera bere kotxeak ez zuela oztopatzen. Beraz, etxerako bidea hartu zuen, bere buruarekin hurrengo goizean kotxea mugitu behar zuela konpromisoa hartuta.

Hurrengo goizean, konpromiso horri lotuta, kotxea hobeto aparkatzeko ariketa egitera zihoala, iritsi eta bere kotxea bertan ez zegoela ikusi ahal izan zuen. Isilpeko birau eta amorru uholdeek gorputza norabide guztietan zeharkatu zizkioten. Baina une horretan, konponbide bakarra zuen. Bere herriko udaltzaingoaren ibilgailuen gordailura joan, ordaindu beharrekoak ordaindu, eta aurrera segi.

Agustinentzat ez zen hor amaitu esperientzia garratz hura. Ez zuen horretan utzi nahi. Zerbaitek esaten zion amorru horri beste forma bat eman behar ziola, zerbaiterako balio behar ziola esperientzia horrek. Baina ez berari bakarrik; deitu udaltzainei zien, garajeko pertsonari ere bai, eta bide batez, edonori. Nola? Idatzi bat egin zuen, eta garajearen sarreran itsatsi zuen.

Ni, idatzi horren lekuko naiz, eta blogeko sarrera honetan idatzitakoaren informazio iturri testu horretan irakurritakoak dira. Garajeko atean itsatsirik dagoen paper horretatik hainbat gauzek atentzioa deitu didate: hamabost egun pasa ondoren garajearen atean itsatsita jarraitzen du. Sentsazioa dut testuaren ekarpena hain dela ustekabekoa, ez dela inor kentzera ausartzen. Inpresioa dut pertsona askori baliagarria egiten ari zaiola. Ia beti dago ezezagunen bat paperean parez pare testua irakurtzen. Agustinek idatzitakoak heziketari (maiuskulez idatzita) ekarpen bat egiten dio. Heziketan zutabe diren giza harremanei. Bizitzari. Balioei.

Eta hau guztia zertarako? Gonbidapen bat egin nahi dizut: horrelakorik gertatuko balitzaizu, zer idatziko zenuke zuk? Zeri buruz uste duzu ari dela Agustin? Zer dio?

Blogaren goialdean urrutitik ateratako argazkia jarri dizuet. Aurrerago, eta nahi baduzue, testu osoa jarriko dizuet. Baina gertutik ateratakoa ere badaukat. Eta bertan, Agustinen mezua hitzez hitz irakurri ahal izango duzue.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*