HAUR HIZKERA

HAUR HIZKERA



Helduok badugu oso zabaldurik dagoen gaixotasun bat. Ez kezkatu, ez da larria, baina birus bat bezala zabaltzen da eta hizkuntz ohiturekin loturik dago.

Izan ere, haur bat inguruan dugunean hitz egiteko modua, eta hizkuntza bera ere, aldatzeko ohitura dugu. Baina hau ez dugu euskaldunok bakarrik egiten, edozein hizkuntzatan hitz egiten duen orok egiten du aldaketa hau.

Euskaraz hitz egiten dugunok ere ezagutzen dugu birus hori eta egunero aurkitzen dugu kale eta etxeetan. Haur txikiek hobeto uler gaitzaten erabiltzen dugun hizkuntzaren inguruan ari naiz. Apapa, taka taka, pipia… eta antzeko hitzen inguruan, hain zuzen ere. Haurrak oraindik hizkuntza bereganatu gabe duenean, hitz horiek erabiliz hobeto ulertuko digula iruditzen zaigu, agian ahoskatzeko errazagoak direlako edo, ez dakit, buruko txoko batean egokiagoa dela sartuta dugulako. Kursia, itsusia, polita…ez dakit nola definitu hainbestetan erabiltzen dugun haur hizkera hori.

Ni ere ez naiz salbuespena eta askotan ohartu gabe haurrei horrela hitz egiten diedala konturatzen naiz. Hala ere, fenomeno honek ere, zorionez, badu iraungitze data eta normalean ez da oso epe luzekoa izaten. Hala ere, hona hemen adibide bezala abesti bat, gizartean zein barneraturik dugun ikusteko:

Pitxi-pitxi
Polit bat
Nik daukat
Zuretazako
Apai-apain
Jantzita
Apapara
Joateko

Egokia ala ez, oso zabaldurik dagoen ohitura da eta egunero, etxeetan, kaleetan, parkeetan aurki ditzakegu adibide desberdinak. Zorionez adin batetik aurrera, ohitura hauek baztertu eta “normal” hitz egiten diegu haurrei, pentsa bestela 18 urteko gazte bat gurasoei apapa doala esanez!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*