EUSKARA JALGI ADI PLAZARA!

EUSKARA JALGI ADI PLAZARA!

Euskararen Nazioarteko eguna dugu gaur, abenduak 3.
Gure egutegietan izaten ditugu hainbat gairi errefentzia egiten dieten egun seinalatuak, emakume langilearen eguna, IHESaren kontrako eguna,…

Honen inguruan aipamen eta iritzi desberdinak entzuten ditugu, egun horretan ekintza bereziak egiteak edo eta gizarteari egun horrek sinbolizatzen duena azaltzea zein puntutaraino den eraginkorra zalantzan jartzen baita. Urte guztian zehar presente izan beharko genituzkeen hainbat balore, jarrera… gogorarazten diguten egunak dira. Horrelako egunek gizartean ditugun hainbat beharrei erantzuten diete, ospakizunetarako baino, erreflexiorako egunak dira eta momentuz beharrak islatzen badituzte ere, agian, egunen batean ospakizunerako egunak izango dira.

Momentuz, euskararen nazioarteko eguna nondik datorren jakin nahian han eta hemen begiratzen aritu naiz eta jakin nahi duenarentzat hona hemen azalpen xume bat:

Lehenego euskararen eguna 1949ko Abenduaren 3an ospatu zen, Eusko Ikaskuntzak bultzatuta. Erakunde hori 1918an sortu zen, Nafarroako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundien eraginez. Euskal kulturaren sustapena eta iraupena ziurtatzea izan da hasieratik Eusko Ikaskuntzaren helburu nagusiena. 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu egin zuten.

Abenduaren 3a Xabierko Frantzisko Deunaren eguna da. Eliza Katolikoaren santu bat da, 1622an kanonizatua izan zena. Xabierko Frantzisko “Misiolari Erraldoia” bezala ezagutua da, misio lanetan eginiko lan guztiagatik. 1622.urtean Nafarroako zaindari izendatu zuen Nafarroako Erresumako Aldunadiak.

Kondairek diote, Frantzisko hil aurreko hitzak euskaraz egin zituela, bere ama hizkuntzan, eta hau dela eta ospatzen dela abenduaren 3an, Frantzisko hil zen egun berean, Euskararen Eguna.

Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsalak azaltzen dituen hainbat printzipiori erreferentzia eginez eman nahi nieke bukaera lerro hauei, ondorengoak izango baitira egunen batean ospakizunerako arrazoi:

– Hizkuntz komunitate orok dauka eskubidea baliabide propioak antolatu eta kudeatzeko, gizarte funtzio guztietan bere hizkuntzaren erabilera ziurtatzeko helburuarekin.
 – Hizkuntz komunitate orok dauka eskubidea hizkuntzaren transmisioa eta jarraipena ziurtatzeko behar diren baliabideak eskura izateko.
 – Gizaki orok eskubidea dauka alor publikoko jarduera guztiak bere hizkuntzan egiteko, baldin eta bera bizi den lurraldeko hizkuntza propioa bada.
 – Gizaki orok eskubidea dauka alor pertsonal eta familiartekoan bere hizkuntza erabiltzeko.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*