IDEIETATIK EKINTZETARA

IDEIETATIK EKINTZETARA



Ahize-ko Mikel Urdangarini behin entzun nion “Agenda21eko kontuak eskolatik etxera eramaten dituzten bezala, hizkuntza kontuak ere eramatea lortu behar dugu” esaten, Berrizen, euskararen erabilera areagotzeko Udalak martxan jarritako planaren barruan LHko ikasleekin esku-hartze egitasmo bat martxan jartzeko proposatzera etorri zitzaigunean.

Lehenengo ideia horrekin bueltaka hasi ginen Ane lankidea eta biok eta tartean Paula Kasares-en “Euskararen belaunez belauneko jarraipena hizkuntza sozializazioaren paradigmatik” lanaren nondik norakoak Paula beraren ahotik entzuteko aukera izan genuen. Hitzaldi hartatik “haurrak ere eragile bihurtu” idatzi nuen nire koadernotxoan.

Bi ideia horiekin egitasmoa sortzen hasiak ginela, Jone Miren Hernandez-en hitzaldi bat entzuteko aukera ere izan genuen eta bertan, Margaret Mead-ek hiru kultura motari buruz hitz egiten duela entzun genion: posfiguratiboa (haurrek gurasoengandik ikasten dute), kofiguratiboa (haurrek euren kideetatik ikasten dute) eta prefiguratiboa (gurasoek haurrengandik ikasten dute) “Berrizen kultura kofiguratiboa eta prefiguratiboaren kontu hauek landu behar ditugu” esan nion Aneri.

Hiru ideia horiek buruan, azkenik, Txepetxen MOTIBAZIOA-EZAGUTZA-ERABILERA hirukote aski erabilia birmoldatu eta EMOZIOAK-GAITASUNA-PRAKTIKAK hirukote berritzailea entzun genuen Hernandezen beste hitzaldi batean. Hori ere koadernotxora!

Lau ideia horiekin abiatu genuen, orain arte, DBHko ikasleekin soilik gauzatu izan dugun Hezhiz egitasmoa LHko 3. zikloko ikasleekin. Helburua: haurrak beraien inguruan ematen diren hizkuntza egoerak kudeatzeko gaitzea. Zertarako? Euren kideen eta gurasoen hizkuntza ohituretan eragiteko. Eta horretarako haurrei euskarak sortzen dizkien emozioak deskubritu nahi ditugu, beraien gaitasunak azaleratu nahi ditugu eta zenbat egiten duten baino zer egiten duten jakin nahi dugu, beraien praktikak ezagutu nahi ditugu.

Horretan hasiak gara ikasturte honetan eta horretan jarraituko dugu.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*