MIKROMATXISMOAK

MIKROMATXISMOAK



XX. mendearen amaieratik aurrerapen handiak egin dira gizarte honetan gizon nahiz emakumeen eskubide eta aukera berdintasuna onartzeko eta lortzeko. Matxismoa gaur egun gure neuronek onartzen ez duten pentsaera molde bat dela uste dugu. Hezitzaile naizen aldetik, beti saiatzen naiz haur eta gazteak direnagatik baloratzen, neska ala mutil izateagatik baino; hala ere, benetan parekidea ote naiz nire lanean?

Duela gutxi Ingalaterrako haurtzaindegi batean egin duten ikerketa batean bertako hezitzaileen jokaerak aztertu dituzte. Haurtzaindegian zeuden mutikoren batek zerbait egiten zuenean kasuen %74an hezitzaileen arreta bereganatzen zuen, aldiz neskak zirenean zerbait egiten zutenak, kasuen %18an; hau da, hezitzaile horiek, aktibotasun maskulinoa eta pasibotasun femeninoa indartzen ari ziren.

Paradoxikoena dena da ikertu den haurtzaindegi horrek metodo pedagogiko berritzaileak erabiltzen dituela eta gainera, arreta berezia jartzen dietela generoaren gaiari. Noski, hezitzaile horiei galdetzen zaienean, ez dira kontziente egin duten diskriminazioaz.

Baina aipatutakoa ikerketa soil bat da. Gure eguneroko bizitzan aurki ditzakegu honelako mikromatxismoak: familietan, lanean, hezkuntzan… Gaur egungo emakume eta gizonok balore diskriminatibo horietan heziak izan gara eta txiki txikitatik “normalak” iruditu zaizkigun egoerak bizitzen ditugu. Eta nahiz eta egun gure pentsamenduak horietako hainbat baztertzen dituen, beste hainbatek “normalak” izaten jarraitzen dute. Berdina gertatzen zaigu hezitzaileoi ere, gure hainbat jokaera inkontzienteak dira, baina saiatu beharko ginateke gure inkontziente horretan sartzen, horren jatorriak bilatzen eta sor ditzakeen ondorioez hausnartzen. Benetako gizarte parekide bat lortzeko generazio berriak eraikitzen dituzten baloreak garrantzizkoak izango dira eta horiek osatzen lagundu behar diegu geuk ere geureak eginez, pertsona guztiok, gizon nahiz emakume, aukera berdinak izan ditzagun.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*