OTSOA DATOR

OTSOA DATOR



Ipuinen inguruan hitz egitera nator oraingo honetan. Hauek aukeratzea batzuentzat lan erraza izaten da eta besteentzat, berriz, makala. Haurraren gustukoa izatea da garrantzitsuena, baina bide batez, polita izateaz gain, beste ezaugarri batzuk izatea ere eskatzen dizkiogu.

Ipuinak, istorio on bat kontatzeaz gain, hezitzailea behar du izan, laguntasuna, berdintasuna, integrazioa… landu behar ditu eta askotan, betiko ipuinak alde atera utzi eta berrietara jotzen dugu horien bila. Garai bateko ipuin klasikoek, gaur egungo hezkuntzan ezinbestekoak bihurtu diren baloreak ez zituztela kontuan hartzen iruditzen zaigu. Zaharkituak gelditu direla eta gure haurrentzat egokiagoak direnak aurkituko ditugunaren ustea zabaldua dago guraso, hezitzaile eta irakasleen artean.

Baina agian oker gabiltza. Egia da azken urteetan oso egokiak diren ipuin berri asko argitaratu direla. Zorionez, euskaraz ere aukera zabala dugu gaur egun. Baina nik ez dizuet aukera horren inguruan hitz egingo, gaur ez behintzat. Betiko ipuinak, ipuin klasikoak ekarriko ditut gogora. Izan ere, ipuin hauek, besteen aurrean jarraitzaileak galtzen ari direla iruditzen zait. Guretzat hain ezagunak diren, Barbantxo, Txanogorritxu, Hiru txerrikumeak, Zazpi antxumeak… alde batera geratzen ari dira. Ez dira hain ezagunak gaur egungo haurrentzat. Eta zergatik galdu behar dute ipuin hauen magia haurrek? Otsoa datorrela, ez datorrela, gorde, harrapatu, lagundu, talde lana, zintzoak, ez hain zintzoak, familia, animaliak, natura, bizia…

Asko dute esateko oraindik ere betiko ipuin hauek, haurrentzat oso erakargarriak dira eta hezitzaileak ere badira. Ez dezagun nahastu guztia, ipuin guztiek izan dezakete tokia gurean, haurrak beldurtzeko beldurrez otsoaz ahaztu gara dagoeneko, ekar dezagun berriz ere gurera, ez dezagun utzi hau ere lanik gabe!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*