PARETAREN BESTE ALDEKOAK

PARETAREN BESTE ALDEKOAK



Hezitzaileon printzipioak ahuldu egiten dira hezi beharreko haurrak gure seme-alabak, ilobak edo nolabait “gureak” sentitzen ditugunak direnean, eta ezezagunekin lanean ari garenean hain garbi dugun hori, zalantzan jartzen hasten gara; gure alderdi kontrolatzailea errebelatzen da ezustean.

Ederki sufritzen dugu gure txikiek espero ez dugun zerbait egin nahi dutenean! Berehala sentitzen dugu babesteko beharra; beraien bizitzetako nahasketak antolatzeko beharra, gehiegi sufri ez dezaten… edo gehiegi sufri ez dezagun? Agian, gure burua babestu nahian gabiltza?

Jasotzen dugun heziketaren isla gisa, Khalil Gibran poetaren Arlotea liburutik, Eroa izeneko kontakizuna ekarriko dut gogora:

Eroetxe bateko lorategian aurpegi zurbil eta liluragarria zuen gazte eder bat ezagutu nuen. Bankuan bere ondoan eserita, galdetu nion: “Zergatik zaude zu hemen?”

Niri begira, harrituta, erantzun zidan: “Galdera hori ez da oso aproposa, dena dela, erantzungo dizut. Nire aitak bere buruaren kopia bat egin nahi izan zuen nirekin; gauza bera gertatu zen nire osabarekin. Nire amak bere aitaren irudia izan nendila bilatzen zuen. Nire arrebak bere senarra seinalatzen zidan, itsasgizona, jarraitu beharreko bikaintasun eredu gisa. Nire anaiak, sekulako atleta, nik bera bezalakoa izan behar nuela pentsatzen zuen. Eta nire irakasleak ere, filosofian, musikan eta logikan doktoreak, irmoak izan ziren, ispilu batean bezala, ni beraien irudiaren isla izatea desiratzen zutenean.Horregatik etorri nintzen hona. Osasuntsuagoa iruditu zitzaidan. Orain behintzat ni neu izan ninteke.”

Ondoren, niregana bira eman zuen, eta esan zuen: “Orain esan zuk, heziketak eta aholku onek gidatuta iritsi al zara honaino?”

Eta nik erantzun nion: “Ez, bisitari bat baino ez naiz”

Eta berak erantzun zidan: “Ah! Eroetxean bizi den horietako bat al zara, baina paretaren bestaldean?”

Gure seme-alabak ez dira gureak.

Kontraesana dirudi, baina gure ondoan ditugunak, gehien maite ditugun horiexek dira gehien kontrolatu nahi ditugunak. Bizitza aurrera doa, eta bizitzarekin batera, gureak ez diren haurrak ere aurrera doaz… eta gu berez doana gelditzen ahalegintzen gara, lotzen, kontrolpean edukitzen, zimeltzen; azken batean, erotzen.

Bai zaila dela batzuetan maite duguna aske uztea… Zeren beldur gara?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*